Elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako pausoak egin dituzte dozenaka lasarteoriatarrek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 8a, 18:37

Pandemiak bigarren urtez jarraian galarazi du Sare Herritarrak presoen eta iheslarien aldeko mobilizazio jendetsuak egitea Bilbon eta Baionan. Horien ordez,  Euskal Herriko ehunka udalerrietan aurrera eraman dituzte mobilizazioak Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lelopean. Lasarte-Orian, Okendo plazatik abiatu eta erdialdeko kaleak zeharkatu ditu.

Salbuespen legediarekin amaitu eta aurrera egiteko milaka herritar kalera atera dira Euskal Herriko hamaika txokotan  gaur arratsaldean. Lasarte-Orian ere 17:00etan irten dira Okendo plazatik eta Kale Nagusian barrena hasi dute erdialdeko kaleetan egindako mobilizazio. Dozenaka herritarrek parte hartu dute eta haiei eman nahi izan diete Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean leloa zuen pankarta heltzeko ardura. Izan ere, senideak beharrean, gizarte eragileak izan baitira lehen lerroan: LAB sindikatuko Olatz Arozena eta ELA sindikatuko Maialen Aranburu, Pablo Barrio, Tomax Arruti eta Rosa Ormazabal.

Ikurrinak eta presoen etxeratzearen aldeko aldarriak izan dira bidean, oihuetan edo afixetan jasoak. Plazara bueltan, Ixiar Arteagak idatzi bateratua irakurri du. 

Hasteko, kalera irten diren herritarrei eskerrak eman dizkie, gaurkoan parte hartu dutelako, baina baita urte osoan zehar egin dituzten mobilizazio eta ekimenetan ere izan direlako. "Ez da urte erraza izan, baina espetxe politikari dagokionean, urte luzez espero genuen aldaketaren lehen zantzuak ikusten hasteko aukera izan dugu. Hori egunerokoan maila politikoan, sindikalean, sozialean eta instituzionalean lortutako adostasunei, eta batez ere, urte luzeetan herritarrok kalean eginiko aldarrikapen eta lanari esker lortu dugu. Elkarrekin urratsak emanez lortu dugu". Aurrerantzean ere pausoak emanez jarraitu nahi dute "espetxe politika berri bat" lortzea espero dute.

Egungo egoera eta salbuespen legediaren "erpin" ugarien zenbait ondorio azaldu ditu jarraian:Presoen %50 Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daude eta 3. gradua eskuratzeko edota irteera baimenak eta baldintzapeko askatasuna eskuratzeko "blokeo sistematiko" baten aurrean daude. Halaber, larriki gaixo diren 19 preso daude, "euren osasunerako eskubidea urratua dutenak". Baita adineko presoen edo motxiladun haurren eskubideetan duena ere.

Horregatik, espetxe politika bertan behera uzteko aldarria atera dute beste behin kalera, "euskal presoek etxerako bidea garatzeko oztopo eta muga nagusia" baita, "eskubideen urraketaren bermea" eta sufrimendu iturri. Ondorioz, indarrean egonda, elkarbizitza "ezinezkoa" da eta etxeratze prozesua gauzatzeko eta espetxe politika aldatzeko, ezinbestekoa da.

Etxeratze prozesua gauzatu eta espetxe politika aldatzeko bidean aurrera egiteko deiarekin amaitu du adierazpena. "Jarrai dezagun pausoka, elkarbizitzarako, bakerako eta etxerako bidean. Elkarrekin, lortuko dugu". Ekintza txalo artean bukatu dute.