Bizipenez betetako bidaia

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 22:10

Harresi Guztien Gainetik taldeak antolatuta, XI. Errezitaldia egin dute kartzela eta kalea lortzeko. Musikak, dantzak eta irakurketek osatu dute Zubiak bizirik, beti aurrera begira lelopean ostiral iluntzean  Oriako kaperan aurrera eraman duten joan-etorria.

Trenaren soinua, piztu eta itzaltzen den argia, eta poltsak esku edo sorbaldetan hartuta hara igotzeko prest daudenak. Aldare aurrean zutik itxaron dute, "ateak ireki" eta eskaileretan edo alboetan eseri aurretik. Kartzelara bidaia egin dute, bertan daudenen eta haiek ikustera doazenen bizipen zatiak baliatuta.

Agertokia berezia izan da aurten. Oriako kapera aukeratu dute: "eszenatoki polita, jasoa, gozoa, aukera berriak eskaintzen dituena gure elkartasunari bidea emateko". 50 bat lagun bertaratu dira ikustera eta Xumela koruko kideez gain, 25 bat izan dira partaide.

Sorkuntza bide eta bitarteko hartuta, barruan eta kanpoan daudenen arteko zubia eraiki dute beste behin. Xumelako kideek hasi dute ikuskizuna, korutik abestu dute organoaren doinuak lagunduta. Mixel Etxekopar musikari zuberotarrak ere parte hartu du emanaldian, abestu eta zenbait instrumentu joaz. Lehen kantaren ondoren, Ixiar Arteagak testu bat irakurri du kartzela zer den azalduz, Etxekoparek jotako musikak lagunduta.

Barrutik kanpora eta kanpotik barrura

Ondoren, Pablo Barriok gogoratu du Lannemezango espetxean dauden Aitzol Iriondo eta Ibon Fernandez Iradi lasarteoriatarrei bisita batean egindako galdera: "Barruan zaudentenetzat zer da kartzela?". Hura erantzun nahi izan dutenen hitzak agertzen joan dira errezitaldian, batzuek poema itxura hartu dute; beste batzuek gutunarena.  "Putzu beltza eta itxaronaldi luzea", Jabi Gallagarentzat, "inoiz iristen ez den zerbaiti zain beti".

Beste tren bat eta bidaiari berriak. Poltsak ireki eta errepikatutako joan-etorri horiek sortutako sentipenak partekatu dituzte. Bisitak, itzulerak, agurrak. Zenbait lekukotza josten joan dira banan bana, orrietan idatzitakoa irakurri eta abesti pare bat kantatuta. Jada kartzelatik irten direnen hitzan entzuteko aukera ere izan da. 

Eta hala, azken geltokira iritsi da trena. Bidaiariak altxa, poltsak eta maletak hartu, eta irten egin dira. Bideo bat jarri dute hainbat jardueratako irudiak zituena, eta jarraian, Arteagak hartu du hitza. Eskerrak eman dizkie partaideei "ia musutruk" egin dute ikuskizunagatik eta egon diren gastu urriak ordaintzeko borondatea eman dezaten eskatu die bertaratutakoei. Halaber, bihar Okendo plazatik 17:00etan abiatuko den mobilizazioarekin batzera deitu ditu.