Arteaga IIak Promozio Mailako Binakako Txapelketa jokatu du

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 13:45
Arteaga II.a tanto bat ospatzen, artxiboko irudian. Arg.: Baiko pilota enpresa

Axier Arteaga, Arteaga II.ak Bakaikoa ordezkatu du Promozio Mailako Binakako Txapelketan. Lasarteoriatarrak bi partida jokatu ditu eta emaitzak ezberdinak izan dira

Urtarrilaren 3an, Promozio Mailako Binakako Txapelketako buruan zeuden Bakaikoa-Elizegi eta Salaberria-Erostarbe bikoteen arteko lehia jokatu behar zen Tolosako Beotibar pilotalekuan. Osasun arazoak medio, Bakaikoak ezin izan zuen parte hartu eta bere ordezko Arteaga II.a jartzea erabaki zuen Baiko enpresak.

Partida zaila zuen aurrean herritarrak. Lehen itzuliko azken neurketa izateaz gain, momentura arte Bakaikoa-Elizegi bikoteak ez zuen partidarik galdu txapelketan eta Salaberrik eta Erostarbek sailkapeneko bigarren postuan zeuden.

Saiatu arren, Arteaga II.ak eta Iker Elizegik ez zuten egun ona izan. Ezin izan zieten aurkarien erasoei ongi erantzun eta 14-22 galdu zuten.

Errege egunean, berriz, arantzatxoa atera zuten Eibargo Astelehena pilotalekuan. Larrazabal eta Salaverri II.a izan zituzten aurkari eta 22-12 gailendu ziren.

Lehen tantoetan hotz hasi ziren arren, Arteaga II.a eta Elizegi bikoteak partidari neurri hartu eta nagusitu ziren.

Arteaga II.ak ongi jokatu zuen. Erasorako aukerak ongi neurtu eta hainbat tanto lortu zituen bi pareta edo dejadaz.

Garaipenari esker, Bakaikoa-Elizegi bikotea txapelketako buru jarri da.