Futbol taldeek ez dute zorterik izan Gabonetako lehiaketetan

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 7a, 11:05

Ostadr SKTko Kadeteen Ohorezko Mailako taldea LKE Eguberri sarian bigarren postua eskuratu zuen. Arg: IƱigo Lazkano

Ostadar zein Texas Lasartearra futbol elkarteetako hainbat talde izan dira Gabonetan sari edo torneo ezberdinetan parte hartzen, horietako bi Real Sociedadeko Fundazioak antolatutako Eguberrrietako Alebin Torneoa eta LKE Eguberri Futbol saria izan dira. Horrez gain, atzeratutako partidak jolasteko ere baliatu dituzte egun hauek taldeetako batzuk 

Gabonetako oporraldiak baliatuz hainbat futbol elkarteek sari zein torneo ezberdinak antolatzen dituzte. Herriko taldeak horieta batzuetan izan dira euren onena ematen.

Ostadarreko Kadete Ohorezko Mailako taldeak II. LKE Eguberri Futbol Saria jokatu zuen. Hiruko modura lehiatu zen sarian Altsasu eta Lazkao izan zituen aurrez aurre. Bigarren postua eskuratu zuen talde urdin-beltzak.

Altsasuren aurka garaipena eskuratu zuen Igor Astiazaranek zuzentzen duen taldeak, 3-1; etxeko taldearen aurka, berriz, bana berdindu zuen eta penaltietan erabaki behar izan zen sariko irabazlea; Lazkaok 6-0 irabazi zuen Altsasu. Lasarte-Oriako taldeak ez zuen zorterik izan zazpi metroko marratik eta Lazkaok eraman zuen lehen postua (5-3).

Data hauetan ohikoa den Eguberrietako Alebin Torneoa ere lehiatu zen abenduaren 23an eta 24an. Gipuzkoako 59 taldea bilduko ziren txapelketan, Ostadar SKT eta Texas Lasartearrako taldeak barne. Herriko taldeek ez zuten sailkatze fasea igarotzerik izan.

Launa partida jokatu zituzten herriko bi taldeek. 1. multzoan, Texas Lasartearra taldeko kideek Martutene, Oiartzun, Pasaia eta Aretxabaleta izan zituzten aurkari eta partida bakarra irabazi zuten. Emaitzak honakoak izan ziren:  Martutene 2 - Texas Lasartearra 0; Oiartzun 1 - Texas Lasartearra 2; Pasaia 2-  Texas Lasartearra 1 eta Texas Lasartearra 0 - 2 Aretxabaleta.

2. multzoan, Internacional, Hernani, Arrasate eta Antigua Luberri taldeen aurka neurtu zituen indarrak Ostadarrek. Emaitzak honakoak izan ziren: Ostadar 3 - Internacional 0; Ostadar 0 - Hernani 1; Ostadar 1- Arrasate 1 eta Ostadar 2 - Antigua Luberri 0.

Atzeratutako partidak

Lehiaketa bereziez gain, ligan atzeratutako partidak ere jokatu dituzte herriko taldeek.

Abenduaren 26an, Texas Lasartearra elkarteko infantilek eta alebinek Danena izan zuten aurrez aurre. Infantil I. Mailako taldeak 3-0 irabazi zuen; alebinek ez zuten zortea izan ordea, 1-8 gailendu zen Zizurkilgo taldea.

Urtea hastearekin batera, urtarrilaren 2an, Ostadar SKTko bi taldeek izan zuten norgehiagoka. Infantilen Ohorezko taldeak Ordizia 1-0 irabazi zuen etxean. Infantil Txikiek, berriz, Tolosara egin zuten bidaia eta ezin izan zituen puntuak eraman; 4-1 galdu zuen.

Asteburu honetan jardunaldi berria jokatuko dute taldeek eta hainbat mailatan Igoera faseko zein Kopako lehen partidak jokatuko dituzte.