Errege Magoek haurren eskutitzak eta berotasuna jaso dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 17:39

Egitaraua aldatu badu ere, COVID-19a ez da oztopo izan eta Lasarte-Oriara etorri dira Melchor, Gaspar eta Baltasar erregeak, haurren eskutitzak eta harrera beroa jasotzera. Megaba elkarteak antolatuta, 16:30etik 20:00etara joan dira etxeko txikienak, asko eta asko gurasoek lagunduta. Eskatu dutenaren zerrenda postontzietan sartu, eta pajeen eskuetatik goxokiak jaso dituzte.

Koronabirusa tarteko, Errege Magoek ez dituzte herriko kaleak zeharkatuko gaur, jende pilaketak saiheste aldera ekitaldi hori bertan behera uztea erabaki baitzuen udalak, Megabarekin adostuta. Ekialde urrunetik etorritako hiru gizonak horregatik triste badaude ere, gaizki ez zaie etorriko atseden pixka bat gehiago hartzea, gauean egin beharko duten lan guztia ikusita. Bidean, indarrak hartzeko, gaileta, pastel, esne eta antzekoak jango dituzte; pandemia egoeran bizi bagara ere, zenbait ohitura ez dira aldatzen.