Erraustegiaren segurtasun porrot sistemikoa salatu du GuraSOSek

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 12:00
Arg.: GuraSOS

Astelehen goizean, sute txikia sortu zen Zubietako erraustegiko hondakin organikoak tratatzeko biometanizazio plantan. GuraSOSek prentsa oharra zabaldu du horren harira eta gertaera instalazioetan dagoen segurtasunaren porrot sistemikoaren adierazle dela salatu du

 

Zubietako erraustegian istripu berria izan da. Hondakin organikoak tratatzeko biometanizazio plantan sute txikia izan zen astelehenean. Hedabideetan berria zabaldu zen egunean bertan, herritar batek gertatzen ari zena salatzeko irudiak bideo batean jaso eta sare sozialen bidez partekatu baitzuen. 

Bideoaren ostean, GuraSOS elkarteak suhiltzaileen eta Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioaren (GHK) bitartez ezbeharra baieztatu eta instalazioetako segurtasun sistema ezbaian jarri du.

GuraSOSek ohar bidez adierazi duenez, GHK-k "berandu eta derrigortuta"  eman du berri azken istripuaz. Izan ere, eurek zerbait esate orduko bideoa sare sozialetan baitzegoen ikusgai.

Erakundearekin izandako solasaldian istripuaren inguruko xehetasun gehiago ere jaso ahal izan dituela jakitera eman du: "GHK-k adierazitako tailerrean piztu da, soplete baten txinpartekin eta txinparta hauek sustantzia sukorretara heldu ostean, GHK-ren oharrak ezkutatu edota saihesten duen datua."  Hori dela eta, soldadura lanak sustantzia errekoien gertu egitea segurtasun arduragabekeria larria dela salatu du GuraSOSek.

Ezbehar ugari

Ez da segurtasun arduragabekia bakarra elkartearen datuen arabera. Dagoeneko gutxienez bederatzigarren istripu izan dira erraustegian azken hiru urteetan. Hona hemen GuraSOSek jakin dituen istripuen zerrenda eguneratua:

  • 2018ko martxoaren 22an SOS Deiak-ek dei bat jaso zuen. Arkaitzerrekan isurketa bat izan zen. Erraustegiaren obrak ziren.
  • 2019ko ekainaren 11n leherketa bat eta sute txiki bat gertatu ziren transformadore nagusiaren babes lekuetan. Transformadorea baimenik gabe eraiki eta martxan jarri zuten.
  • 2019ko uztailaren 28an isurketa berri bat izan zen Arkaitzerrekan.
  • 2020ko maiatzaren 9an bizilagun batek SOS DEIAK-i deitu zion. Ehunka arrain eta aingira hilda agertu ziren Arkaitzerrekan. Istripu-kimikoa. Egun batzuk zeramaten ur amoniakodun milioika litro isurtzen. Errekaren ekosistema txikitu zuen; erabateko delitu ekologikoa.
  • 2020ko irailaren 1ean berriro transformadore nagusian sute bat izan zen. Hirugarren industria-istripu larria.
  • 2020ko azaroan sute larri bat gertatu zen erraustegiaren hondakinen hobian. Ez zieten suhiltzaileei deitu, eta langileek beraiek kontrolatu zuten sua.
  • Abenduaren 31n erraustegiaren hobian sute berri bat izan zen, langileek amatatu zuten.
  • 2021eko urtarrilaren 12an hirugarren sutea bi hilabeteko epean. Oraingoan suhiltzaileei deitu zieten eta SOS DEIAK-ek Twitterren gertaeraren berri eman zuen. Sutea bezperan sortu zen.
  • 2022ko urtarrilaren 3an sutea biometanizazio plantan.

Horrez gain, urtea sutearekin hasi duela nabarmentzeaz gain, 2021 urtea langileen greba egun eta lan uzteekin bukatu zutela gogoratu du GuraSOSek. Greba erraustegiko instalakuntzetan dauden segurtasun akatsak salatzeko izan zen, bai langileei dagokionean baita ingurumenari dagokionean ere.

Horregatik guztiagatik "planta seguru eta moderno gisa saldu zaiguna segurtasunaren porrot sistemikoa" dela egiaztatutzat jo du GuraSOSek eta bere ustez, "konponbidea bilatu behar zaio, berandu izan baino lehen, errealitate hori ezagutu eta proiektuaren porrotetik abiatuta".

Ingurumen ikuspegitik ere Europako erakundeen erabakien arabera proiektua porrot bat dela azpimarratu du GuraSOSek. "Europako Batzordeak eta Europako Parlamentuak instalakuntza jasangarri eta ekonomia zirkularretik kanpo utzi ditu balorizazio energetiko gisa izendaturiko plantak, birziklapenean eta klima aldaketan dituzten eragin negatiboengatik". Eta azken egunotan jakinarazi du, instalakuntza jasangarrien artean zentral nuklearrak eta gasezkoak txertatu nahi dituela, ez hala erraustegiak.