Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak zaurgarritasun egoeran bizi diren haurrei jostailuak banatu dizkie

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 5a, 10:00
Gurutze Gorriko boluntarioak jostailu banaketa prestatzen. Arg.: Lasarte-Oriako Gurutze Gorria

Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak Jostailu-Hezitzailea proiektuaren bitartez, zaurgarritasun egoeran bizi diren herriko zein Usurbilgo 66 familiei jostailuak banatu dizkiete. Horri esker, familia horietako 105 haurrek jolaserako eskubidea bermatu dute

Lasarte-Oriako Gurutze Gorriak 305 jostailu berri eman dizkie gizartean zailtasunak dituzten Lasarte-Oriako eta Usurbilgo hainbat familiari.

Ekimena erakundeak urtero aurrera daraman Jostailu-Hezitzailea proiektuaren barruan kokatzen da eta garrantzia handia du Gabonetan. Horren bitartez, haurren jolaserako eskubidea bermatzeaz gain, jolasa eta jostailua hezkuntza-tresna gisa balioak transmititzeko duten garrantziaren eta garapen ebolutiboan duten eraginaren inguruan sentsibilizatzea da. Horregatik erakundeak azaltzen duen modura "jostailuak ez belikoak, ez sexistak eta, ahal dela, hezigarriak, errespetuzkoak eta lankidetzako jarrerak bultzatzen dituztenak" dira. 

Erakundeak jakitera eman duenez, proiektua gauzatzeko Gurutze GOrriko zein Gurutze gorri Gazteko kideek jolas eta jostailuen bilketa bultzatu dute Lasarte-Orian. Ekimena heziketa tresna gisa erabili dute eta eskola eta familia-ingurunean balioak transmititu nahi izan dituzten.

Hori dela eta, Gurutze Gorriak eskerrak eman nahi dizkie jokoak eta jostailuak eman edo dohaintza bat eginez euren laguntza eskaini duten pertsona guztiei, baita jostailuak biltzen eta banaketan parte hartu duen Gurutze Gorriako boluntarioei ere.