Elkarbizitzaren aldarria Bilbotik Okendo plazara

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 11:00
Iaz ere Bilbotik herrietara eraman zen elkarbizitzarako aldarria.

“Ez da erabaki erraza izan, bigarren urtea baita aldarri beraren gerizpean pertsona ugari biltzen dituen mobilizazio handi hau baztertzen dugula. Baina argi daukagu bizitzen ari garen egoera honetan, non gero eta positibo gehiago baitaude eta gaixotasuna erraz kutsatzen baita, 80.000 eta 100.000 pertsona artean elkartzen dituen mobilizazio bat deitzea arduragabekeria dela, eta Sarek kosta ahala kosta saihestu nahi du hori”. Hitz honekin jakitera eman zuen abenduaren 30ean Sare Herritarrak ekimenak urtarrilaren 8an egitekoa zen manifestazio jendetsuari uko egiten diola eta mobilizazioak Hego Euskal Herriko herrietara eramango dituela. Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lelopean herriz herri kaleak bete nahi ditu ekimenak egun horretan eta Lasarte-Oriak bat egingo du egitasmoarekin. Manifestazioa arratsaldeko 17:00etan hasiko da Okendo plazan

COVID-19ak eragindako egoera kontuan izanik, bigarren urtez Sarek hilaren 8an Bilbon egitekoa zen manifestazio Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako herrietan egitea erabaki du.

Ekimenak ez du egitasmoaren aldarrikapena baztertu nahi: “inoiz baino beharrezkoago ikusten dugu aldarrikapena bizirik mantentzea”.  Eta hiru arrazoi nagusi eskaini ditu aldarrikapenak kaleetara eramateko. Lehena euskal presoen eskubideen aldeko aldarrikapenaren barruan data hori ikur bat delako. Bestetik, euskal preso gehienak Euskal Herritik kanpoko espetxeetan daudelako oraindik, eta gradu-progresioa blokeatuta dagoelako, eta, ondorioz, presoek ezin dutelako egin etxera itzultzeko prozesua. Eta, azkenik, pandemiak eragin zuzena duelako presoengan eta haien senideengan. “Berriro ere zailtasunak daude zenbait espetxetan bisitak egiteko, bereziki aurrez aurrekoak,” jakitera eman dute.

Hori guztiagatik, Sarek hilaren 8an herrietako kaleak betetzeko deialdia egin du. Betiere behar diren segurtasun-neurri guztiak beteta.

Lasarte-Oria izango da herri horietako bat. Lasarte-Oriako Sare herritarrak abenduan jakitera eman zuen bat egingo zuela urtarrilaren 8ko manifestazioarekin eta ekitaldirako autobusak antolatzen ari zela. Abenduaren 30eko iragarpenaren ostean, urtarrilaren 8an Lasarte-Orian ere elkarretaratzea egingo dela iragarri dute. Hitzordua 17:00etan izango da Okendo plazan. Bilbora joatekoak zirenei eta herritar guztiei ekimenean parte hartzeko dei egiten diete.