Buizak hirugarren postua eskuratu du Gipuzkoako selekzioarekin

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 4a, 10:00
EƱaut Buiza herritarra (bosgarrena eskubitik) Gipuzkoako selekzioko kideekin. Arg.: Euskal Saskibaloi Federazioa.

Pandemiaren olatu berria dela eta, egun hauetan jokatzekoak ziren Euskadiko Saskibaloi Federazioak mini mailako Euskadi eta Nafarroako lurraldeen arteko txapelketa zein Euskal Ligako lehen mailako Kopako lehiaketa atzeratuko dituela jakitera eman zuen abenduan zehar;  junior mailako Euskadi eta Nafarroako lurraldeen arteko txapelketa, ordea, abenduaren 27an eta 28an jokatu zen Balmasedan. Gipuzkoako gizonezko selekzioan Eñaut Buiza Magariño herritarra izan zen lehian; hirugarren postua eskuratu zuen taldeak.

Euskadi eta Nafarroako lurraldeen arteko txapelketak bi jardunaldi izan zituen. Lehenean, abenduaren 27an, Gipuzkoako taldeak final erdia jokatu zuen Bizkaiaren aurka. Lehen minutuetatik aurretik jarri ziren bizkaitarrak eta erasoan fin ibili ziren; ez zieten gipuzkoarrei eroso jokatzen utzi eta 12 puntu errenta lortu zuten lehen laurdenean (23-11).  Parekatuagoa izan zen bigarren laurdena.  Gipuzkoarrek euren jokoa nola egin aurkitu zuten eta bizkaitarrek errenta ez handitzea lortu zuten; partziala 15-13 izan zen.

Atsedenaldian ostean, Bizkaia partida apurtzeko asmoekin atera zen kantxara.  Buizak eta bere kideek bizkaitarren erasoak geratu nahi izan zituzten, baina hogei puntuko errenta izatera iritsi zen aurkaria. Azken bi minutuetan, gipuzkoarrek euren balioa erakutsi eta aldea murriztea lortu zuten, 58-42.

Azken laurdenean, Bizkaia izan zen nagusi. Defentsan irmo egon zen eta fisikoki ere hobeto zeudela erakutsi zuten. Gipuzkoak akats ugari izan zituen eta horrek aurkariek erraz saskiratzea ekarri zuen. Gainera, bederatzi puntu bakarrik lortu zituen. Beraz, 78-51 amaitu zen partida eta Gipuzkoa ezin izan zen finalera igaro.

Brontzezko domina

Eta 3. postuko lehia jokatu zuen bigarren jardunaldian. Nafarroa izan zen aurkaria. 

Lehen minutuetan Gipuzkoa nagusi izan zen;  20-9 aurreratu zen.  Nafarroak, ordea, ez zuen amore eman eta partida amaitzeko denbora zegoela jakitun, laurdeneko azken minutuetan 0-8ko partzialari esker aldea murriztea lortu zuen. Bigarren laurdenean, markagailua parekatua mantendu zen azken minutuetaraino. Gipuzkoak 8-2ko partziala egin eta bederatzi puntuko aldearekin amaitu zen partidaren lehen zatia.

Atsedenaldia ongi etorri zitzaion aurkariari laurdeneko lehen zatian; Gipuzkoa saiatu arren, Nafarrek ederki eutsi zieten euren erasoei. Baina akatsak egiten hasi ziren nafarrak eta Gipuzkoarrek euren jokoa egiteko eroso sentitu ziren. Partidaz nagusitu eta aldea handitzen joan zen. 79-53ko markagailuak txapelketako hirugarren postua eman zion Gipuzkoari.

Eñaut Buizak bi partidatan parte hartu zuen eta 4 puntu egin zituen bakoitzean. Gazteak Easo Mendaur taldean jokatzen du junior mailako Euskal Ligan eta Ligako lehen zatia amaitzear, sailkapeneko bosgarren postuan daude bigarrengo sailkatutik bi puntura. Faseko azken jardunaldia abenduaren 15ean jokatuko dute Optica Mtz. de Lizarduy-Jotake taldearen aurka.