Buruntzaldea IKTko igerilariek atsedenik ez

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 3a, 13:50
Paco Sanchez Saria lehiatu zuten Buruntzaldea IKTko igerilarietako batzuk. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko igerilariek dominak eta markak onduz eman zioten urteari amaiera. Abenduaren 18an, Paco Sanchez sarian lehiatu ziren txikiak eta maila federatuko igerilariak Neguko Ligako 4. jardunaldian lehiatu zuten. Abenduaren 29an, berriz, XXXIX Gabonetako Nazioarteko Txapelketan lehiatu ziren taldeko hiru kide: Unai G. Somovilla, Nora Imaz eta Garazi Etxeberria. Urtarrilaren 8an, larunbatarekin, berriro izango dira uretan taldeko txikiak. Atzeratua izan zen Alebin Ligako 3. jardunaldian jokatuko da Maialen Chourraut kiroldegian 16:00etan

Abenduaren 18an, Buruntzaldea IKTko 24 alebin eta benjaminek Tolosan antolatu zen Paco Sanchez sarian parte hartu zuten eta hamaika domina eskuratu zituzten.

Txikienek tximeleta, bizkar, bular edo estilo libreko 50 metroko proben artean edo lau estiloetako 100 metroko probaren artean aukeratu behar zuten. 2010ean eta 2009an jaiotako neska-mutilek eta 2008ko mutilek, berriz, bi probatan lehitzeko aukera izan zuten. Estilo ezberdinetako 100 metroko proba zein 200 metro lau estiloko proba izan zituzten aukeratzeko.

Borja Apeztegia igeriketa taldeko prestatzaileak azaldu duenez, "txikienek proba berriak burutzeko aukera izan zuten eta arautegi eta probak burutzeko moduari dagokionez bikain aritu ziren".

Horren erakusle emaitzak izan ziren eta euren jaiotze urteko lehen hiru postuetan sailkatu ziren. Hauek dira eskuratutako dominak:

Urrea

Zilarra Brontzea

Mario Amantegi, 100 m. bizkar proba

Iñaki García, 100 m. libre eta 200 m. lau estilo probak

Oier Jauregi, 50 m. tximeleta proba

Ander Martinez, 50 m. bular proba

Itxaso Iparragirre, 100 m. lau estiloak proba

Ibon Elola, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estiloak probak

Amaiur Iparragirre, 100 m. tximeleta proba

Hodei Barcina, 100 m. libre proba

Nora Rey, 50 m. bular proba

Kerman Miguel, 50 m. libre proba

Iker San José, 50 m. libre proba

Nora Atxaga, 100 m. bizkar proba

Nora Miguelez, 100 m. bular proba

Mario Amantegi, 200 m. lau estiloak

Amaiur Iparragirre, 200 m. lau estiloak

Nahiz eta dominarik ez lortu Axel Fuertes, Haritz Altuna, Aitor Ormazabal, Jon Isasa, Kimetz de la Cruz, Ohian Matute, Lucía Rey, Saray Lobato, Ane Meyer, Udane Garmendia eta Laida Guerrero igerilarien lana ere nabarmendu nahi izan ditu Buruntzaldea IKTko prestatzaileak.

Gabonetan entrenamenduekin jarraitu dute gaztetxoek eta alebinek, urtarrilaren 8an, larunbatean, hurrengo hitzordua izango dute Maialen Chourraut kiroldegian. Abenduaren 11n lehiatzekoa zen Alebin Ligako 3. jardunaldia izango dute. Saioa bertan behera geratu zen orduan Gipuzkoako Foru Aldundiak eguraldia dela eta alerta laranja ezarri baitzuen eta ondorioz, Eskola Kiroleko jarduna eten baitzen.

Neguko Liga eta Gabonetako Txapelketa

Igerilari federatuek, berriz, urteari amaiera emateko bi hitzordu izan zituzten: Neguko Ligako jardunaldia eta XXXIX Gabonetako Nazioarteko Txapelketa.

Lehena, abenduaren 18an, lehiatu zen Hernanin. Buruntzaldea IKTko 11 kidek parte hartu zuten eta 14 marka pertsonal ondu zituzten. Nabarmentzekoa da Jurgi Sukunzak 800 m. libre proban lortutako marka, 9.43,84. 

Abenduaren 29an, azkenik, Ordiziako Majori igerilekuan XXXIX Gabonetako Nazioarteko Txapelketa antolatu zen. Buruntzaldea IKTko sei kideek parte hartu behar zuten arren, berrogeialdiak eta bestelako arazoak medio, hiru izan ziren lehiatu ziren igerilariak.

Gabonetako Nazioarteko Txapelketan parte hartu zuten Buruntzaldea IKTko igerilariak. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Unai G. Somovillak 100 m. tximeleta probako kanporaketan 1.04,76 egin zuen, bere marka onenetik segundu batera.

Nora Imaz ere bere markatik gertu ibili zen 100 m. libre proban; 1.02,06 egin zuen.

Garazi Etxeberria, berriz,  hiru probatan lehiatu zen: 50 m. libre, 100 m. lau estiloak eta 50 m. bular proba. Lehendabizikoan irteera azkarregi egiteagatik deskalifikatua izan zen. "Baina marka ona egingo lukeela ikusi ahal izan genuen," azpimarratu du igeriketa taldeko prestatzaileak. Lau estiloetako proban 1.12,96 egin zuen eta bular estiloko 50 metroko proban 37,75.

Marka horiek, ordea, ez ziren nahiko izan arratsaldeko finaletako txartela eskuratzeko. Hala ere, pozik agertu da Borja Apeztegia igerilariek epealdi honetan lehiatzea lortu zutelako.

Maila honetako igerilariek urtarrilaren 22an eta 23an izango dute  hitzordu garrantzitsua, Gipuzkoako Kluben Arteko Kopa. Bertan euren onena eman eta markak ontzen jarraitu nahi dute.