Kultur etxean egingo zaie harrera Errege Magoei

Txintxarri Aldizkaria 2022ko urt. 3a, 13:09

Errege Magoak Lasarte-Oriara etorriko dira urtarrilaren 5ean. Koronabirusak eragindako egoera medio, ez dute kalejirarik egingo, baina harrera beroa egiteko aukera izango dute herritarrek . MEGABA elkarteak iragarri du Manuel Lekuonan egongo direla hiru erregeak 16:30etik 20:00etara bitartean, eta bertara joateko ez dela aldez aurretik izena eman behar.

Sarrera Kultur etxeko ate nagusitik egingo dela jakinarazi dute, eta irteera auditorioaren eskuinaldean dagoen larrialdiko atetik, (Iñigo de Loiola kalera ematen duen aldetik). Gogorarazi dute antolakuntzako langileen aginduak uneoro bete beharko direla. 

Hala,  gomendatu dute puntako orduetatik kanpo joatea, "jende ilarak ekiditeko". Nolanahi ere, sartzeko txandaren zain pazientziaz egotea eta segurtasun tarteak mantetzea eskatu dute. Nabarmendu dute herritarren kolaborazioa beharrezkoa dela egitasmoa "normaltasunez" joan dadin: "Bizi dugun egoera dela eta, konplikatua da horrelako ekitaldiak kudeatu eta antolatzea". Maskarak janztea "ezinbestekoa" izango da.