Elkartasun jarduera deitu du Harresi Guztien Gainetik ekimenak

Maddi Zaldua 2021ko abe. 31a, 10:00

Iazko etenaldiaren ostean, Harresi Guztien Gainetik ekimena plazara aterako da berriro

Sorkuntza bide eta bitarteko hartuta, kartzela eta kalearen arteko zubiak eraiki eta zabaltzea da egitasmoaren helburua, eta hortik abiatuta, Zubiak bizirik, beti aurrera begira leloa aukeratu dute XI. Errezitaldia iragartzeko. Ohiko moduan, dantza eta musikaz gain, hainbat testu eta irakurketa ekarriko dituzte. 

Berezitasun bat izango du aurtengo jarduerak: agertokia. Oriako Kaperan egingo dutela iragarri dute, urtarrilaren 7an eta 19:00etan. "Eszenatoki polita, jasoa, gozoa, aukera berriak eskaintzen dituena gure elkartasunari bidea emateko. Guztion gustukoa izatea espero dugu", adierazi dute antolatzaileek. 

Sarrera doakoa izango den arren, koronabirusak eragindako pandemia dela eta, segurtasun neurriak beteko direla azpimarratu dute. Covid ziurtagiria eta maskara beharrezkoak izango dira, baita distantziak mantentzea ere. Hala, edukiera mugatua denez,asistentzia baieztatzea eskatu dute. Horretarako, sarrailaguztienazpitik@gmail.com helbidea jarri dute herritarren eskura, edo honako telefono zenbakia ere bai: 689.719.036.