Jaiotza lehiaketako partaideak saritu dituzte

Maddi Zaldua 2021ko abe. 30a, 14:10

XVIII. jaiotza lehiaketa antolatu du aurten Danok Kide elkarteak. Hemezortzi jaiotza aurkeztu dituzte, eta horietatik aukeratu dituzte irabazleak. Ostegun eguerdian banatu dituzte sariak

Aurtengoa, aurreko urteetakoekin alderatuta zertxobait ezberdina izan bada ere, Danok Kide elkarteak XVIII. Jaiotza lehiaketako sari banaketa egin du. Senideek lagunduta iritsi dira parte hartzaileak guraso elkartera, baina horietako zenbaitek kanpoan itxaron behar izan dute. Koronabirusa dela eta, sarituek soilik izan dute egoitzara sartu eta egitasmoan parte hartzeko aukera. 

Isabel Zuaznabarrek eta Jesus Mari Egizabalek egin diete harrera, eta eskerrak eman parte hartzeagatik. Egindako lanagatik zoriondu egin dituzte parte hartzaileak:"Sarituak izan edo ez, guztiek merezi dute aitortza". 

Askotariko materialak erabili dituzte partaideek jaiotzak egiteko: liburu zaharrak, kortxoa, egurra, eta abar. Orain, lan horiek guztiak urtarrilaren 7ra arte ikusgai egongo dira; sarituak Muebles Azpeitian eta gainerakoak San Pedro elizan

Guztira, hemezortzi jaiotza aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara eta Eva Lizarraga eta Pablo Alzola izan dira epaileak, eta antolatzaileek azaldu dutenez, egindako lanen balio artistikoa, gustu ona eta originaltasuna hartu dituzte kontuan.

Hauek dira aurtengo sarituak:

A kategorian, 6-9 urte

1. saria : Brancussi eskolako ikasleak

2. saria: Brancussi eskolako ikasleak

B kategorian, 10-13 urte

1. saria: Neymar Guarrido

2. saria: Brancussi eskolako ikasleak

C kategorian, 14-17 urte

1. saria: Adrian Serrano

2. saria: Brancussi eskolako ikasleak

D kategorian, 18 urtetik gora:

1. saria: Sheila Serrano

2. saria: Ana Sanchez

Aipamen berezia: Sergio Revuelta