Errege Magoen etorrerak irekiko du urtarrileko kultur agenda

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 29a, 13:52

Haur bat, Gaspar erregearekin. Aurtengo harrera ere moldatu egin behar izan du Megaba elkarteak, koronabirusagatik.

Lasarte-Oriako Udalak 2022. urteko lehen kultur ekintzak aurkeztu ditu. Urtero legez, urtarrilaren 5ean Errege Magoak herrira etorriko dira, baina ez dute kalejirarik egingo, pandemia tarteko. Zinema, antzerkia, erakusketak eta aurkezpen literarioak dira egitarauaren beste osagai batzuk.

Familiako kide guztiek makina bat film ikusi ahalko dituzte urtarrilean zehar. Emanaldi batzuk Okendo Zinema Taldeak egingo ditu, 14an eta 28an, ostiralarekin: Seis días corrientes eta Libertad proiektatuko dituzte. Sarrerek sei euro balio dute. 2022ko lehen hilabeteko kartelera pelikula hauek osatzen dute: Zutik, La familia perfecta, Encanto, La familia Bloom, Clifford el gran perro rojo, West side story, El valle de las linternas eta Cerca de tí. Lau igandetan proiektatuko dituzte: 9an, 16an, 23an eta 30ean. Haurrentzako filmek laueuro balio dute, eta helduentzakoek, sei euro.

Zurmailu elkartearen erakusketa

Egurrarekin ikusteko moduko artelanak egiten dituzte Zurmailu elkarteko kideek. Azken hilabeteetan landutako guztia Antonio Mercero aretoan erakutsiko dute urtarrilaren 13tik 23ra, bi egunak barne. Astegunetan, 18:00etatik 20:00etara irekiko dituzte ateak, eta asteburuetan, 12:00etatik 14:00etara. 

Bestalde, Iñaki Alegria Loinazek Latinoamerikaren zain urratuak liburua aurkeztuko du 25ean, asteartearekin, kultur etxeko hitzaldi aretoan, 19:00etan. Eduardo Galeanok idatzi zuen, eta euskarara ekarri du berriki Alegriak.

Antzerkia eta opera

Udaleko Kultura sailak bi antzerki emanaldi programatu ditu urtarrilerako. 15ean izango da bat: Markeliñe Teatroak Ganbara taularatuko du kultur etxeko auditorioan, 17:00etan. Sarrerek lau euro balio dute. Astebete geroago, Mi hijo solo camina más lento oholtzaratuko du Tanttaka Teatroak, toki eta ordu berean. Sarrerek ere lau euro balio dute.

Operak ere badu tokia egitarauan: urtarrilaren 12an El lago de los cisnes lan ezagunaren proiekzioaz gozatu ahalko dute herritarrek, kultur etxeko auditorioan, 19:00etan. Sarrerek 7,5 eta bederatzi euro artean balio dute.

Hitzorduei buruzko xehetasun gehiago kontsulta ditzakezu TXINTXARRI-ren Agenda atal digitalean.

Gehienezko edukiera, %60

Eusko Jaurlaritzak neurri murriztaileak iragarri berri ditu, gaurtik hasi eta urtarrilaren 28ra arte. Horietako batek zuzenean eragingo die kultur ekitaldiei: gehieneko edukierarenak. LABI batzordeak hala erabakita, gehienezko aforoa %60 izango da barrualdean. Halaber, espazio itxietan 600 pertsonak egon ahalko dute batera, eta aire zabalean, 800ek.