Musikan oinarritutako Eguberrietako menua dastatu dute ikus-entzuleek

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 23a, 12:24

Udal Musika Eskolako ikasleek Eguberrietako kontzertua eman dute Manuel Lekuona Kultur Etxean. Koronabirusa tarteko, programan iragarri dituzten emanaldi guztiak ezin izan dituzte egin, baina, hala ere, gozatu ederra hartu dute ikus-entzuleek.

Nikola Iraola biolin jotzailea eta Haritza Diaz de Guereñu piano jotzailea izan dira taulara igotzen lehenak. Coldplay taldearen Fix you ezaguna jo dute, eta ondoren, Diaz de Guereñuk, Frederic Chopin konpositorearen Nocturno Do Menor.  

Josu Izagirre Araña irakasleak egin ditu aurkezle lanak, eta Eguberrietako kontzertua garai horietako otorduen menu goxoekin alderatu du. Hala, blokez bloke aurkeztu ditu ikasleak: pianoa, gitarra, flautistak... Gaueko izar bezalako gabon kantak, konpositore klasikoen piezak eta gaur egungoak (Lady Gaga-ren Shallow, kasurako) jo dituzte ikasleek, eta erakutsi ikasturtea hasi denetik hona gogotik ari direla ikasten.

Tamalez, zenbait emanaldi bertan behera utzi behar izan dituzte, COVID-19agatik. Esate baterako, ikasle gazteenek ezin izan dute oholtza gainera igo. Hurrengo urtean izan beharko du.