Imaz eta Zudaire podiumeko gorenera igo dira

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 22a, 09:15

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezok eta Nora Imaz Igeak hitzordu garrantzitsuak izan dituzte abenduaren 18-19 asteburuan eta biek ederki egin zieten aurre. Imazek junior mailako Distantzia Luzeko Euskal Herriko txapela lortu zuen, Maialen Chourraut kiroldegian; Zudairek, berriz, bi probako podiumera igo eta Funchalen (Portugal) anatolatuko den Munduko Txapelketan parte hartzeko gutxieneko marka berria eskuratu zuen, Oviedon

Lasarte-Oriako Maialen Chourraut Udal Kiroldegian Bizkaia, Araba, Gipuzkoa eta Nafarroako 27 igerilari izan ziren abenduaren 18an, Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapelketa lehiatzen. Horien artean, Buruntzaldea IKTko Nora Imaz Igea izan zen.

Infantil mailako 2.000 metroko probak eman zion hasiera txapelketari. Jarraian, junior eta senior mailako 3.000 metroko probako hiru serie izan ziren; lehena mistoa, bigarrena emakumeena eta hirugarrena gizonezkoena.

Bigarren saio horretan parte hartu zuen Buruntzaldea IKTko igerilariak. Herritarrak aurreko urteko podiuma berretsi nahi zuen eta gogotsu zegoen lehia egiteko. Uretara jauzi eta 36 minutu 49 segundu eta hamalau ehunekoko behar izan zituen distantzia egiteko. Marka pertsonal berria – iazko marka 4 segundotan ondu zuen – eskuratzeaz gain, probako bigarren postua eta junior mailako urrezko domina eskuratu zuen.

Funchalerako beste marka

Oviedon izan zen, berriz, Nahia Zudaire Borrezo igeriketa egokitutako VIII Open Internacional Mareastur Natación Adaptada txapelketan lehian eta podiumera igotzeaz gain, Munduko Txapelketarako gutxieneko marka berria eskuratu zuen zubietarrak.

400 m. libre proban lortu zuen balentria, 5.12,09 marka eginez. 100 m. tximeleta proban ere parte hartu zuen eta 01.21,74 marka egin zuen, Castellón ondutako marka berriro ere hautsiz. Bi probatan lehen sailkatua izan zen eta urrezko domina jantzi zuen.

"Nahia deboraldi berri honetan martxa hartzen ari da berriro ere eta, normala den bezela, oraindik bere onenean ez dagoen arren, maila altuko igerilaria dela erakutsi du beste behin", adierazi du Borja Apeztegia Bravo Buruntzaldea IKTko prestatzaileak.

Nahia Zudaire Borrezo, podiumean. Arg.: FEDEMA Deporte Adaptado Asturias

Galeriako argazkiak Txintxarri eta Buruntzaldea IKT