Atzera begirako egutegia

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 13:01
Sozioekonomia sailburu Nuria Fernandezek eta Agustin Valdivia alkatea egutegia aurkezten.

Lasarte-Oriako Udalak 2022. urteko egutegia aurkeztu du gaur goizean. Agustin Valdivia alkateak eta Sozioekonomia batzordeburuak Nuria Fernandezek 1950eko hamarkadara daraman almanakaren nondik norakoak azaldu dituzte. Hurrengo urtean herritarrek euren argazkiak egutegian ikusteko aukera egongo dela aurreratu dute

Hurrengo egunetan Lasarte-Oriako bizilagunen etxeetara, ikastetxeetara eta komertzioetara atzera begirako egutegia iritsiko da. Almanaka esku artean hartuta, herritarrek hilabetez hilabete 1950eko hamarkadan gure herrian ospatutako hainbat ekimenetara egin ahalko dute jauzia, hala nola, San Pedro jaiak, Errege Kabalgata, Santa Ageda, Santa Ana parodia edo Nazioarteko krosa. 

"Bertan ikusi dezakegu bizitza ez dela hainbeste aldatu. Orduan egiten ziren jarduerak, egun ere moldaketa batzuekin mantentzen dira", adierazi du Agustin Valdivia alkateak.

Egutegia Tomas Fernandez argazkilariak udalari eskainitako bildumako irudiekin osatu da, zehazki, "1955. eta 1960. urte arteko argazkiekin".

Guztira 8.500 ale banatuko dituzte. Typo 90 enpresak disenaitu eta inprimatu du eta kostua 8.185 eurotakoa da.

Herritarren ikuspegia

Hurrengo urteko egutegian, kolore gehiago egotea espero dutela onartu du alkateak: "Egutegiari, egungo egoerari eta bizitzari kolorea jarri ahal izatea espero dugu. Horretarako herritarren laguntza izango dugu".

2023 urteko almanaka egiteko herritarren parte-hartzea bilatuko dute. Horretarako, hilabetero argazki lehiaketa bat egiteko asmoa agertu dute udal ordezkariek agerraldian. "Hilabetero argazki bat izango da irabazlea eta egutegiko argazki onena ere sarituko dugu," azaldu du Nuria Fernandezek.

"Beste herrietan dagoeneko egiten da eta egutegia osatzeko egokia iruditzen zaigu. Izan ere, herritarrek egutegia bere egitea nahi baitugu. Eta euren Lasarte-Oriako ikuspegia egutegia islatzea nahi dugu," adierazi du alkateak.

Hala ere, oraindik lehiaketako nondik norakoak zehazten ari dira Sozioekonomia arloan eta guztia prest izatean herritarrei lehiaketaren berri emango dietela iragarri dute.