Gabonak 2021

Badatoz Mari Domingi eta Olentzero!

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 21a, 09:30

Herrian zehar desfilatuko ez duten arren, Olentzero, Mari Domingi eta lagunak Lasarte-Oriara etorriko dira hilaren 24an, ostiralarekin. Ekitaldi nagusia kultur etxean egingo dutela iragarri du Ttakun Kultur Elkarteak. 

Nor ez da urduritzen egutegia hartu, eta abenduaren 24a gero eta gertuago dagoela ikustean? Egun gutxi falta dira Olentzero eta Mari Domingi menditik jaisteko eta herrira etortzeko, Xixuko eta Mariteilatukorekin batera. Porrotx zain izango dute, ikuskizun koloretsu bat egin eta lasarteoriatarrekin biltzeko. Egun horretan bertan egingo dute emanaldia, 13:00etan hasita, Manuel Lekuonan. Ikustera joan nahi dutenek, kultur etxeko leihatilan eskuratu ditzakete gonbidapenak. 

Ikuskizunaren aurretik, Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo dio herriak. Ttakunek lau gune prestatu ditu horretarako: Garaikoetxea Landaberri eta Sasoeta Zumaburu ikastetxeak, Zabaletako frontoia eta Oriako eliza, Karmengo Ama. 10:00etatik 12:00etara egingo dituzte txandak.