Gabon kantez bete du San Pedro eliza Alboka abesbatzak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 19a, 11:00

Larunbat iluntzean egin du koruak emanaldia eta herritar ugari bertaratu da hura entzutera. Saio berezia baliatu dute Albokako kideek Montse Latorre zuzendaria omentzeko. 

Beste urte batez, Alboka Abesbatzak kontzertua eman du Eguberrien atarian. San Pedro Elizan izan da oraingoan, eta urteko garai hori egokitutako errepertorioa ekarri du. Zazpi kantak eta bis batek osatu dute 40 minutu pasatxo luzatu den emanaldia: Sing gently, Izar ederrak, Birjina maite, Haurtxoaren negarra, Candombe de San Baltasar, Ecce novum, Dizdizka zeruan eta Noel noel. Entzutera joan direnak asebete ditu eta txaloekin eskertu dute kanta bakoitza. 

Une bereziena, hala ere, amaieran izan da. Abesbatzako kideek Montse Latorre zuzendariari omenaldi xumea egin baitiote koruan daramatzan 25 urteengatik. Bideo batean jaso dituzte Josu Elberdin, Javier Busto eta Esteban Urzelai zuzendarien hitzak eta zenbait argazki. Pantailan idatzita agertzen zena irakurri dute koruko hiru lagunek. Hunkituta lehen ilarako bankuan eserita ikusi du prestatu dioten oparia. Ondoren, lore sorta eta argazki bat eman, eta Amaia Agirrek idatzitako bertso bat abestu diote. 

Erlazionatuak