Goizeko hotzari berehala aurre egin diote Eskola Kirola egitasmoko partaideek, izan ere, gelditu gabe korrika eta saltoka ibili baitira, adinak nekatzen utziko ez balie bezala. LH 1 eta 2 mailetako haurrak izan dira lehen txandan. Hiru taldetan banatu dituzte eta hamaika jolasetan aritu dira Michelingo zelaian: briletean, futbolean, harrapaketan...
Askotarako eman duen ordubetea amaituta, haurrak eta begiraleak elkartu dira talde argazkia egiteko. Lurretik beharrean, ordea, airetik egin diete, gaztetxoak pixka bat aztoratu dituen drone baten bidez.
Batzuk joan eta besteak etorri. Bigarren txanda osatu duten LH 3 eta 6 artekoak, frontoian eta estalitako kantxan aritu dira. Haiek ikustera joan dira Maialen Chourraut piraguista eta Axier Arteaga pilotaria. Gazteenek berehala ezagutu dituzte, baina lotsatuta edo, ezer gutxi esan diete. Talde argazkia egin dute, eta ondoren, kirolari buruz hitz egin dute tartetxo batez bi gonbidatuekin. Handik, beste zaharragoengana joan dira eta dinamika bera izan da. Bi kirolariak agurtu ondoren, jolasean jarraitu dute denek.