Urteko kirolari lasarteoriatar onenak saritu ditu udalak

Maitane Aldanondo 2021ko abe. 18a, 10:10

Kirol Gala ospatu zuen atzo arratsaldean Lasarte-Oriako Udalak Manuel Lekuona kultur etxean. Aitortza aurten jaso duten lau kirolariekin batera, aurreko sei urteetan ere sarituak izan direnak ere elkartu dira aretoan. Oroigarria Naroa Furundarena atletak, Alex Saleta errugbi jokalariak, Carlos Rodriguez arrantzaleak eta Fran Puertas errugbi jokalari ohiak eraman dute etxera.

Udalbatza aretoa utzi eta kultur etxeko auditoriora lekualdatu dute Kirol Gala. Kokapen berriaren aukerak baliatuta, ekitaldi ikusgarriago bat egin nahi izan dute udal ordezkariek, eta lortu ere. LOKE gimnastikako kideen erakustaldiak hasi zuen saioa, eta ziur, musukoaren azpian aho zabalik utzi zutela bat baino gehiago. Haiei begira zeudenen artean, aurtengo sarituak, hautagaiak, aurreko urteetako irabazleak, herriko klub eta kirol taldeetako ordezkariak, federazioetakoak...

2021a Lasarte-Oriako kirolarientzat urte "emankorra" izan dela gogoratu zuen aurkezleak, horren erakusgarri Tokion  Maialen Chourrautek eskuratutako zilarrezko domina eta Nahia Zudairek lortutako diploma olinpikoak. Piraguista bertan zen, ez ordea, igerilaria jo zizkioten txaloak entzuteko. Haiek bezala, beste askok egiten dute kirola herrian eta aukera horren isla den iragarkia proiektatu zuten jarraian 

Eszenariora igo  eta Jesse Owens atletaen esaldi batekin hasi zuen aurkezpena Agustin Valdivia alkateak. "Denok ditugu ametsak. baina ametsak errealitate bihurtzeko, determinazioa, dedikazio, autodiziplina eta ahalegin ugari behar da". Agertoki berriak "kolore eta indar" handiagoa eman dio ekitaldiari, eta aurreko urteetan aintzatetsiak izan direnak gonbidatu dituzte, "oraindik merezi duzuelako". Egunero egiten duten ahalegina nabarmendu zuen alkateak "oztopoak gainditzeko eta habetzen jarraitzeko, aurrera egiteko. Horixe da zuen indarra, eta horixe da gaur aitortu nahi dizueguna". Jarraian, lau omenduei zuzendu zitzaien, beraien ezaugarriak zerrendatu eta sariaren arrazoiak adierazteko. 

Harkaitz Millan Kirol diputatuak ere agurtu nahi izan zituen bertaratutakoak. Gipuzkoan kirola oso zabalduta dagoela gogoratu zuen, lau pertsonatik hiruk egunerokoan kirolen bat egiten baitu, Eskola Kirola bezalako jarduerei esker. Kirolak batzeko duen gaitasuna nabarmendu zuen ere, "gizarte berdinago eta aurrerakoiago baten alde" egiten dela. 

Lau saritu, hiru kategoria

Kategoria bakoitzeko hautagaiak honakoak izan dira: 

  • Emakumezko onena: Aizpea Arroyo, Aiora Belartieta, Itxaso Garcia Saez, Naroa Furundarena Maialen Chourraut eta Rosa Ormazabal.
  • Gizonezko onena: Aitor Manso, Endika Marrahi, Alex Saleta, Raul Ramos, Carlos Rodriguez, Gorka Marcos eta Jon Aldaz. 
  • Ibilbideari saria: Antonio Oliden, Carlos Rodriguez, Javier Olaizola, Francisco Puertas, Maialen Courraut eta Naroa Furundarena. 

Naroa Furundarena izan zen eszenariora igotzen lehena. Alkateak emandako oroigarria eta lore sorta jaso ondoren, eskerrak eman zizkien taldekideei eta entrenatzaileei. Gero, libre zeuden lau aukietako lehenengoan eseri zen. Alex Saleta eseri zitzaion ondoan, baina, aurretik, berak ere jaso zituen opariak eta adierazpen labur bat egin, eskerrak eman zizkien Beltzak taldeko kideei "pertsona eta kirolari bezala dena" beraiei esker delako.

"Berdinketa teknikoa" izan da auren ibilbideari sarian, Carlos Rodriguezek eta Francisco Puertasek partekatu dute. Rodriguez 10 urterekin hasi zen arrantzan eta 50 zituela uztea erabaki zuen, bueltatzean sari garrantzitsuak lortuko zituela jakin gabe, munduko txapeldun izatea, kasu. Datorren urtean hiru kategoriatan lehiatuko da txapelketa horretan. Eskerrak emateaz gain, gurasoei eskatu zien seme-alabak arrantzara eraman ditzatela "haurraren zoriontasun aurpegia ikusiko dute arraina atera eta uretara bueltatzean. Makinetatik urrundu eta naturarekin harremanetan jarriko ditu eta pozik bueltatuko dira denak". Azkenik, Francisco Puertas errugbi jokalari ohia eta entrenatzailea igo zen sariaren bila. 1991ean herrira iritsi zenetik ezagutu eta bizi duenak, "lasarteoriatar" sentiarazi duela aitortu zuen, Beltzak taldeko kideei egiten duten lana eskertu zuen eta beste sarituak zoriondu zituen, egin duten lanagatik. 

Udal ordezkariek talde argazkia egin zuten irabazleekin, eta ondoren, nahi zuenak izan zuen gauza bera egiteko aukera, kultur etxeko harreran jarritako photocallean.