Elkartasun eta aldarrikapen ekintzak Eguberrietan ere

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 17:00
Urtebeteko etenaren ostean, 2022ko urtarrilean itzuliko da errezitaldia herrira.

Harresi Guztien Gainetik ekimenak iragarri du urtarrilaren 7an aurrera eramango duela XI. Errezitaldia, Oriako Karmengo Ama elizan, 19:00etan. Bestalde, Sare Herritarrak manifestazio nazionala egingo du egun bat geroago, Bilbon. Lasarte-Oriako Sarek iragarri du autobusa aterako dela herritik: txartelak Tiburtzio Artizar, Ilargi eta Jalgi tabernetan eros daitezke. Horrez gain, hilaren 31rako mobilizazioa eta topa antolatu ditu, 19:00etan Okendo plazan.

Zubiak bizirik, beti aurrera begira lelopean, Harresi Guztien Gainetik ekimenak XI. Errezitaldia egingo du urtarrilaren 7an, urtebeteko etenaren ostean. Aurreko aldietan bezala, espetxean dauden herrikideek bidalitako testu, poema, gutun, ahots edo bestelako sormen lanak emango dituzte, musikaz eta dantzaz jantzita, sortzaile lasarteoriatar zenbaitekin elkarlanean. Antolatzaileak jakinarazi duenez, helburua da "zubiak sortzen jarraitzea, ziegaren itzala eta kaleko argiaren artekoa, eta baita herritarron artekoa ere, kohesioa indartze bidean". Oriako Karmengo Ama elizan izango da ikuskizuna, 19:00etan. Sarrera, doan.

"Etxerako bidea"

Sare Herritarrak, urtero legez, manifestazio nazionala antolatu du urtarrilaren 8rako, Bilbon, Elkarbizitzarako. Bakerako. Etxerako bidean lelopean. "Adierazi nahi duguna zera da: bizikidetzarako eta bakerako bidea egiten ari garela, etxerako bidea egiten ari garela". Horrez gain, mobilizazio gehiago egingo ditu: hilaren 26an, 12:00etan, Martuteneko espetxetik bizikleta martxa, eta ordubete geroago, manifestazioa, Donostiako epaitegietatik abiatuta.

Lasarte-Oriako Sarek bat egin du Bizkaiko hiriburuko elkarretaratzearekin, eta jakinarazi autobusa aterako dela Lasarte-Oriatik. Txartelak Jalgi, Ilargi eta Tiburtzio Artizar tabernetan eros daitezke. Bestalde, urteko azken egunean, 19:00etan Okendo plazan, mobilizazioa eta topa egingo dute, urtero legez. Lasarteoriatarrak gonbidatu dituzte ekintzan parte hartzera.