Oriarteko ikasleak TXINTXARRI-n

DBH 2 mailako ikasle talde bat 2021ko abe. 17a, 13:21

Oriarte ikastetxeko DBH2 mailako ikasle talde bateko kideak TXINTXARRI-ren erredakziora joan gara. Aldizkari bat argitaratzeko asmoa dugu eta nor hobeto laguntzeko, haiek baino? Oso lagungarriak izan dira eman dizkiguten argibideak, orain gure esku dago erronkari heltzea.

Oriarte institutuko DBH2ko ikasle talde bat gara eta duela zenbait aste txintxarri-ko erredakzioa ezagutzeko aukera izan genuen. Aurtengo ikasturtean proiektu berriak gauzatzen ari gara bi irakasleren laguntzaz eta ebaluazio honetan aldizkari bat sortzea erabaki dugu, egiten ari garen lana azaleratzeko: gauza politak egiten ari gara eta uste dugu garrantzitsua dela horren berri ematea. Ez genuen bat ere argi aldizkari bat nola egiten den eta lanean hasi aurretik herriko aldizkarira egin genuen bisita aholku eske, inoiz ez baitugu horrelako proiekturik egin. Lantalde ia osoa zain genuen bulegora iritsi ginenean, gure galdera eta zalantzei erantzuteko gertu. Pazientzia handia erakutsi zuten txintxarritarrek eta prozesuaren nondik norakoak ederki azaldu zizkiguten. Aldizkariko langile jatorrez gain, argazki kamarek, bideo kamarek, grabagailuek eta tripodeek ongietorria eman ziguten, izugarria izan zen hauekin saltseatzeko aukera izatea. Ordenagailuan maketazioa nola egiten den ere azaldu ziguten.

"Ez da lan makala aldizkari bat sortzea! Ez ote da helburu potoloegia?"

Bisitan argi geratu zitzaigun antolaketa eta aurreko lanen garrantzia. Lehenik eta behin edukiak erabaki behar dira: zer kontatu nahi den, lanen banaketa, orrien distribuzioa...  Elkarrizketatuak ere aukeratu behar dira eta dokumentazio lana egin ondoren galderak prestatu. Albisteak idazteko ere abilezia handia behar da. Berriak ilustratzeko oso garrantzitsua da argazki egokiak ateratzea eta berebiziko garrantzia du maketazioak. Horri guztiari azken orduko berriak gehitu behar zaizkie, sare sozialak eta webgunea elikatzea ahaztu gabe, noski. Gero, aldizkarien banaketa burutu behar da, etxez etxe. Ez da lan makala aldizkari bat sortzea! Ez ote diogu helburu potoloa jarri gure buruari? Izango ote gara gai gure aldizkaria osatzeko?

"Talde lanean jardutea ezinbestekoa da horrelako proiektu bat gauzatzeko"

Talde lanean jardutea ezinbestekoa da horrelako proiektu bat aurrera eramateko eta uste dugu gure aldizkariak horretarako balioko digula: ondokoarekin lanean jarduteko eta kideen laguntzarekin bidean aurrera egiteko. Horretan maisuak dira txintxarri-ko gure lagunak, mila esker eta ea otsail amaieran gure aldizkariaren berri duzuen!

Any T. ikaslearen komiki tira ederra

Kronika ez ezik, Oriarteko ikasleetako batek, Any-k, zinta eder hau egin du. Zu bai artista!