"Sistema honek burua eta bizitza lainotzen ditu"

Maitane Aldanondo 2021ko abe. 18a, 10:00

Lasarte-Oriako gazte talde batek Nubes de caucho fanzinea abian jarri du. Antolaketa politikorako tresnaz gain, gogo artistiko bat asetzeko bidea ere bada argitalpena. Lehen zenbakia urrian kaleratu dute eta Oreka tabernan eros daiteke

Itxialdiak arazo eta gabezia ugari azaleratu zituen moduan, haiei aurre egiteko saiakeren loraldia ere ekarri zuen. Batzuk, berehala ernatu ziren, beste batzuen haziak, berriz, denbora gehixeago behar izan du fruitua emateko. Nubes de caucho fanzinea azken horietako bat da, urrian, uzta garaian, kaleratu baitute lehen zenbakia. Bost gazte lasarteoriatarren ekimena da,  gaztetxeko "militante ohiak". Haietako batek, Jon Susin (Atsobakar, 2000), azaldu dizkioTXINTXARRI-ri argitalpenaren xedea eta nondik norakoak. 

Krisiak eragindako zenbait neurriren eta bizi baldintzen okertzearen testuinguruan, beharrezkotzat jo zuten "antolakuntza politiko independente bat, langile klasearen interesei erantzungo diena". Gaztetxea galduta, hori sustatzeko lehen pausoa eztabaidarako espazio bat lortzea zen, fisikoa edo sinbolikoa, eta fanzinearen ideia bururatu zitzaien. Aukera posible guztien artean hori hautatu zuten gogo artistiko bat ere badutelako.

2020ko udazkenean hasi ziren ideia lantzen, baina ez zioten aurtengo martxora arte ekin. Ondoren eten bat egin zuten eta abuztuan idatzi zituzten edukiak. Susinek honela azaldu du beraien ikuspuntua: "Kultura ez da inpartziala, klaseak zehazten du kultura, eta Kapitalismoa bere interesen arabera maneiatzen du klase gizartea. Horregatik, ari gara osotasun horri aurre egingo liokeen mundu ikuskera bat edo kultura komunista bat eraikitzeaz". 

Itsasargi izatea, asmo

Nubes de caucho izenak bi erreferentzia ditu, bata, A las barricadas langile mugimenduko ereserkia, bertako "laino beltzak"; eta bestea, Lasarte-Oriaren historia. Kapitalismoaren adierazpide guztiak "ezbaian jarri" eta antolakuntzaren kultura hedatzea dute helburu.Argitalpena horretarako tresna bat da, "elementu politiko bat". Goiburu jarri diote "Ekaitzean argigune", izan ere, Susinen esanetan, "sistema honek burua eta bizitza lainotzen ditu".

Indibidualismoa eta kultura kapitalista izan dituzte ardatz lehen zenbakian, azken bi urteen ezaugarriak direla uste baitute. Polizia segika izatea, mugimenduak kontrolatzen dituzten programak, familiaren eta norberaren zama... "Indibidualismoa aipatzean, sistemaren biolentziari aurre egiteko moduaz ari gara. Salatzen dugu gaur egungo kulturak pentsarazten digula horiek kasu isolatuak direla, eta horrek dakarrela bakardadean erantzutea edo jasatea. Baina benetan arazo estrukturalak dira eta produkzioan betetzen duzun posizioak baldintzatzen du biolentzia hori jasatea ala ez. Beraz, gure ustez, klase bezala egin beharko genieke aurre, klase bezala eragiten digulako".

Ikuspuntu "sozialista edo marxista batetik" jorratuko dituzte gaiak. Edukiak askotarikoak dira: artikuluak, olerkiak, argazkiak eta marrazkiak, nagusiki; eta agian, ipuinak edota elkarrizketak. 

Irakurria izatea, helburu 

Lehen zenbakia egiteko prozesua gorabeheratsua izan bada ere, lau hilabetean behin atera nahiko lukete fanzinea. 150 aleko tirada egin dute eta hiru eurotan salgai dago zenbait herritan; Lasarte-Orian, Oreka tabernan eskura daiteke. Sarean jartzeko bideak aztertzen ari dira, ahalik eta jende gehiagorengana iristeko. Era berean, elebitan egitea "hautu politikoa" izan da, "langile klaseko sektore proletarizatuenak gazteleraz bizi direlako". 

Lasarteoriatarren erantzuna "ona" izan dela uste du gazteak, nahiz eta hitzetatik ekintzetara pausoa ez eman. "Jende askok esan dit irakurri nahi duela, baina gero lekura joan eta erostea, gehiago kostatzen zaie...". Erreferentzia bat sortzea ona dela uste badu ere, nahi dutena jendeak irakurtzea da, "hori da interesgarriena". Gerora, hitzaldiak, mahai inguruak, kontzertuak... egiteko aitzakia ere izatea nahiko lukete, eta asmoarekin bat egiten duen edonor batzea taldera.