Egoerara moldatutako jarduera ugari prestatu ditu Ttakun KEk Eguberrietarako

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 16:21
Marimotots, Mariteilatuko, Mari Domingi, Olentzero, Xixuko eta Porrotx. Aurten ere lagun horiek guztiak elkartuko dira hilaren 24an, ikuskizun koloretsu bat egiteko.

Koronabirusaren eraginez, Ttakun Kultur Elkarteak moldatu egin behar izan du aurtengo Gabonetako jarduera sorta ere. Herrian zehar desfilatuko ez duten arren, Olentzero, Mari Domingi eta lagunak Lasarte-Oriara etorriko dira hilaren 24an, ostiralarekin.

Ttakun Kultur Elkarteak iristear diren Eguberrietan aurrera eramango dituen jarduerei buruz idazten hasi garenean, honakoa gertatu zaigu: sentitu dugu lerro hauek ez ditugula aurrenekoz idatzi, lehendik ere jardun garela koronabirusaren eraginari buruz. 2020ko Gabonak bereziak izan ziren, pandemiak eragindako egoerara halabeharrez egokituak, eta, tamalez, aurtengoak ere halakoak izango dira, SARS-CoV-2 birusa oldartuta baitabil, seigarrenez. Hori horrela izanik, euskara elkarteak moldatu egin behar izan du ekitaldien eskaintza. Egitaraua desberdina izanagatik, erakargarria da, hurrengo lerroetan irakurriko duzuenez. Lasarte-Oriako Udalarekin sinatuta dituen hitzarmenen barruko egitasmoak dira guztiak.

Hilaren 21ean izango da San Tomas eguna, azokarik gabea. Lasarte-Oriako Udalak bertan behera uztea erabaki du, jende pilaketak eragin ditzakeen ekimena delakoan. Data berezi horren magiari eusteko ahaleginetan, Ttakunek talo ikastaroak egingo ditu bezperan, 20an, astelehenarekin, Ttakunenea elkartean. Ordubeteko bi saio prestatu ditu: haurrentzat (LH 2. mailatik 1. Batxilergora) bat, 17:30ean; eta helduentzat bestea, 18:30ean. Elkarteko Kultura sailak jakitera eman duenez, parte hartzeagatik ez dute ezer ordaindu beharko herritarrek. Interesa dutenek kultura@ttakun.eus helbide elektronikora idatzi edo 695 78 53 89 telefonora deitu behar dute.

Ongietorria bai, desfilea ez

Nor ez da urduritzen egutegia hartu, eta abenduaren 24a gero eta gertuago dagoela ikustean? Egun gutxi falta dira Olentzero eta Mari Domingi menditik jaisteko eta herrira etortzeko, Xixuko eta Mariteilatukorekin batera. Porrotx eta Marimotots zain izango dituzte, ikuskizun koloretsu bat egin eta lasarteoriatarrekin biltzeko. Egun horretan bertan egingo dute emanaldia, 13:00etan hasita. Tokia oraindik zehazteke dute udalak eta Ttakunek, espazioari buruzko lanketa berezi bat egiten ari baitira, pandemiak eragindako egoera tarteko. Laster iragarriko dute non egingo duten, eta ikustera joan nahi dutenek nola eskura ditzaketen sarrerak. txintxarri aldizkariak bere atari digitalean emango du horren berri. Adi egon!

Ikuskizunaren aurretik, Olentzero eta Mari Domingiri harrera egingo dio herriak. Ttakunek lau gune prestatu ditu horretarako: Garaikoetxea Landaberri eta Sasoeta Zumaburu ikastetxeak, Zabaletako frontoia eta Oriako eliza, Karmengo Ama. 10:00etatik 12:00etara egingo dituzte txandak. Lasarteoriatarrek hilaren 18tik 20ra arte (bi egunak barne) eman ahalko dute izena, esteka honetan.

Harrera hori ahalik eta beroena izate aldera, Ttakunen Amaraun Klubeko lagunek zenbait jarduera prestatu dituzte datozen egunetarako. Hilaren 22an eta 23an, 17:30etik 19:00etara, etxerako eta harrera guneetarako apaingarriak prestatuko dituzte. Taldeak ia beteta daude honezkero. Horrez gain, 24an herrira etorriko diren pertsonaia magikoei laguntzeko, ikuskizunean galtzagorri gisa parte hartzeko deialdia ireki du Aisia sailak. Jakinarazi du 5 eta 8 urte bitarteko haurrek parte hartu ahalko dutela. Izen ematea hilaren 19ra arte dago zabalik.  Interesa dutenek 943 37-14 48 edo 695 78 53 92 telefonoetara deitzeko edo aisia@ttakun.eus helbidera idazteko eskatu du Ttakunek. "Segun eta zenbat haur apuntatzen diren, zozketa egingo dugu". 

Gazte Klubean ere, ekimenak

Amaraun Klubekoek bezalatsu, Gazte Klubeko lagunek antolatu dituzte zenbait ekimen Gabonei begira. Hilaren 23an, ostegunez, City jump irteera egingo dute. Egun osokoa izango da, 09:45etik 18:30era. LH 3 eta 6 maila arteko gazteek parte hartu ahalko dute, eta Ttakunek zehaztu duenez, bazkaria eta askaria eraman. Elkarteko bazkide direnek 22 euro ordaindu beharko dituzte, eta ez direnek, 25. Irteerara doazenek galtzerdi irristagaitzak eraman beharko dituzte. Informazio gehiago eskuratzeko edo izena emateko, aisia@ttakun.eus helbide elektronikoa edo 695 78 53 92 telefonoa erabil ditzakete herritarrek.

Eguberrietarako antolatu duten beste jarduera ere gorputza gogotik astintzekoa da: olinpiadak egingo dituzte, herriko zenbait gune eta eraikinetan, hilaren 27tik 29ra. Ttakunek zehaztu duenez, parte hartzen duten gaztetxoak taldetan banatuko dituzte, eta proba ugari egingo dituzte hiru egun horietan.

Jarraipen berezia

Eguberrietako ospakizunak ohikoak edo ezohikoak izan, TXINTXARRI aldizkariak jarraipen berezia egingo du datozen egunetan. Jardueretako argazki, bideo eta gainerakoak kanal berezi batean jasoko ditugu, eta irakurle guztien eskura jarri www.txintxarri.eus atari digitalean zein sare sozialetan. 

Horrez gain, 2021ko azken zenbakian, urtekarian, aipamena ere egingo diegu. Agerkari hori hilaren 29an argitaratuko dugu, asteazkenarekin.