Gabonetako kirol lehiaketak ere pandemiaren menpe daude

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 19a, 09:00
Gabonetako 3x3 txapelketak saskibaloiez beteko du kiroldegiko kantxa.

Lasarte-Oriako Gabonetako ekimenen artean, hiru kirol jarduera nagusi egin ohi dira: Eguberrietako 3x3 Saskibaloi Txapelketa, Gabonetako Areto Futbol Txapelketa eta San Silvestre lasterketa. Kirol ekimenak bertan behera geratzearen arriskuaz jakitun, Gabonetako 3x3 Saskibaloi lehiaketa eta San Silvestre lasterketa antolatzeko pausoak eman dituzte kirol erakundeek. Alabaina, abenduaren 15ean, San Silvestre lasterketarik ez dela izango jakitera eman dute 

Pandemia egoera dela eta, 2020 urte amaieran Lasarte-Orian ohikoak diren Eguberrietako 3x3 Saskibaloi Txapelketa, Gabonetako Areto Futbol Txapelketa eta San Silvestre lasterketa ez ziren antolatu; aurten Gabonetako 3x3 Saskibaloi Txapelketak bakarrik egingo du aurrera, oraingoz

Ostadar Saskibaloi atalak zortzigarren urtez antolatuko du norgehiagoka. Endika Marrahi  arduradunak azaldu duenez, "guk txapelketa antolatzeko asmoa dugu, baina bertan behera geratu daiteke. Egoera aztertu eta aurrera egiten badugu, garaian garaiko neurriak bete beharko ditugu".

Guztia ongi bidean, abenduaren 26a, igandearekin, Maialen Chourraut kiroldegiko kantxa saskibaloi zalez beteko da. 

Maila ugaritako lehiak ikusi ahalko dira. Beraz,  2012-2013 urteko gaztetxoetatik helduetara –2003 urtetik gorako jokalariak– saskibaloiaz jokatu eta gozatzeko aukera izango dute parte hartzaileek. 

Ordutegi ezberdinetan lehiatuko dira. Goizean, esate baterako, benjamin, alebin, infantil eta kadete mailako partidak jokatuko dira. Arratsaldean, berriz, gainerakoak.

Izena ematea

Txapelketan parte hartzeko hiru edo lauko taldeak osatu behar dira. Taldeen arabera, gizonezko zein emakumezko lehia izango da eta talde mistoek gizonezkoen mailan parte hartuko dutela jakitera eman dute.

Abenduaren 23ra arte egongo da izena emateko aukera Ostadarreko webgunean zein sare sozialetan. Informazio gehiago eskuratu nahi izanez gero, Saileko arduradun Endika Marrahirekin harremanetan jarri behar da, 677 16 37 51 telefono zenbakian.

Osasun neurriak

Marrahik aipatu modura, pandemiaren egoraren araberako  neurriak jarraitu beharko dituzte parte hartzaileek. "Distantziak gorde eta jokatzen ez den bitartean maskara jantzita izan beharko dute jokalariek. Indarrean dauden neurrien arabera, gainerako azalpenak egunean bertan eskainiko zaizkie taldeei", aipatu du saskibaloi txapelketako arduradunak. 

Bestalde, txapelketa ikustera joan nahi duten herritarrak ohartarazi ditu: "Egungo legearen arabera, ikusleek kiroldegian sartzeko COVID ziurtagiria beharko lukete. Oraindik ez dugu udalaren inongo oharrik jaso horren harira, baina litekeena da ikusleek agiria behar izatea".

Ez dira mozorroak kalean izango, baina zozketak iragarri dituzte San Silvestreko kideek. 

Bertan behera

Gabonetako Areto Futbol txapelketa eta San Silvestre lasterketa, ordea, ez dira antolatuko.

Abenduaren 15ean iragarri dute antolatzaileek San Silvestre lasterketa bertan behera geratu dela. Zabaldu duten oharrean jakitera eman dutenez, probaren antolakuntzan murgilduak egon dira azken asteetan eta hasiera batean aurrera egiteko intentzioa zuten. Halabaina "egoerak eta bizi dugun COVID olatu berriak lasterketarekin aurrera ez jarraitzea eskatzen digu" adierazi dute.

Tristea da eurentzat bigarren urtez jarraian erabaki hori hartu behar izatea: "Pena handiarekin baina guztion hobe beharrez zentzuzkoena proba bertan behera uztea dela erabaki dugu".

Garai hobeak iritsi eta hurrengo urtean, Lasarte-Oriako kaleetan zehar korrikalariez, mozorroez eta jai giroaz gozatzeko aukera izatea espero dute San Silvestre lehiaketako antolatzaileek.

Baina bitartean ez dira besoak uztarturik geldituko eta lasterketako giroa herrira zabaltzeko ekimenak egingo dituzte. Iaz mozorro lehiaketa antolatu zuten eta, aurten "egoera garratz honi gozo puntu bat emateko", hainbat opariren zozketa egingo dutela aurreratu dute antolatzaileek. Hurrengo egunetan emango dute horien berri euren webgunean (www.sansilvestrelasarteoria.com) eta Facebook orrialdean (@SanSilvestreLasarteOria). 

Eguzki Areto Futbola klubak, berriz, azaroa amaieran "pena handiz" lehiaketa antolatzeari uko egingo ziola jakitera eman zuen.