Juleni, pairatu (eta gainditu) duen gaixotasuna kontatu nahi zion bere ama Laura Hueso Alviz-ek (Lasarte-Oria, 1979), eta pentsatu zuen, aukerarik onena ipuin baten bitartez egitea izan zitekeela. Leuzemia diagnostikatu zioten semeari hiru urte zituela, eta, orain, noizbehinkako kontrolak egiteko baino ez du joan behar ospitalera. Bi urte eta erdiko borroka "luzea" izan da, ordea. Egonaldi luzeak egin behar izan dituzte ospitalean, eta bizipen haietatik abiatuta hezurmamitu du Otsoa izeneko liburua; semeari une hartan gertatzen ari zitzaiona "modu erraz batean" azaltzeko helburuarekin idatzi du.
Ez da kasualitatea aipatu animaliari erreferentzia eginaz titulua jartzea liburuari. Julenek ospitaleko bere gelako atean, izen-abizenen ondoan jarrita izan zuen bere argazki bat. Baina ez hori bakarrik; marrazki bat ere bai. Ez edozein, ordea; otso batena baizik. Garai hartan "oso gustuko" zuen animalia hori; otsoak agertzen ziren ipuinak kontatzen zizkiola gogoan du amak. Horrela, animalia horretatik abiatuta hasi zen ipuina idazten. Danborrada ere atsegin du Julenek eta danborraren irudia erabili du Huesok giza-bihotza irudikatzeko. Ardiek ere badute protagonismoa kontakizunean. Idazleak etxeko leihotik egunero-egunero ikusten dituenak dira, eta globulu gorri, zuri eta plaketak irudikatzen dituzte. Hiru elementu horiei erreferentzia eginaz hasten da Otsoa.
Kontatzen du, danborrean (hezur-muinean) sortzen diren ardiak (globulu gorri, zuri eta plaketak), tam-tam egiten duen bihotz taupaden erritmora mugitzen direla. Halako batean, ordea, zuri koloreko arditxoak itxura aldatzen hasten dira; buztantxoa luzatu eta masailetik ile luze beltzak ateratzen zaizkie: otso bilakatzen dira (minbizia). Irakurketaren aurrera egin ahala, ikus daiteke ardiei eraso egitea dela animalia basatia horren helburua eta arditxoak desagerrarazten dituela apurka-apurka. Gorputzak, ordea, bizitzeko beharrezko ditu ardiak, eta horiek salbatzera agertuko da bat-batean lehoi indartsu bat (tratamendua), otsoari aurre egin eta bizirik geratzen diren arditxoak salbatuko dituena. Poliki-poliki gorputza indarberritu eta arditxo berriak jaiotzen dira, guztia, berriz ere bere onera itzuli arte; sendatu arte.
Hasieran, etxekoentzako
Duela bi urte eta erdi hasi zen testua idazten, "Julen tratamentuan zegoela", baina jakinarazi du, sortze prozesuak ez duela erabateko jarraikortasuna izan: "Alde batera utzi behar izan nuen egunerokoa zailtzen zen uneetan. Gerora koronabirusa ere etorri zen eta ez da lan erraza izan, baina hau ere egin dugu". Dena den, uste du argitaratu zitekeen "momentu onenean" kaleratu dela: "Julen sendatuta dago eta ni sendo. Oso momentu ona bizitzen ari gara; gauza bakoitza behar den momentuan gertatzen da".
Hasieran, "etxekoentzako, argitaratzeko inolako asmorik gabe" idatzi bazuen ere, ingurukoek animatuta erabaki du zabaltzea: "Aurretik irakurtzeko aukera izan dutenek bultzatuta hartu dut erabakia". Idatziari irudiak jarri eta maketazioa egiteko gertukoen laguntza ere izan du: "Lagun batek esan zidan egingo zizkidala marrazkiak, eta beste batek esku bat botako zidala diseinuarekin; horrelaxe osatu dugu Otsoa".
Bi hizkuntzatan
Ipuina bi hizkuntzatan irakurtzeko aukera izango dute irakurleek: euskaraz eta gazteleraz. Hori, noski, idazlearen hautua izan da: "Lasarte-Oriako haur ia gehienek euskaraz badakiten arren, guraso asko ez dira hizkuntza horretan moldatzen, eta denek irakurri eta istorioaren berri izateko idatzi dut bi hizkuntzatan".
Ahalik eta irakurle gehienengana iritsi nahi du Huesok, batez ere, gaixotasunaz hitz egin dadin: "Uste dut jendeak beldur handia diola minbiziari, eta gaiaz hitz egitea lagungarria dela. Niretzat, behintzat, hala izan da". Aitortu du semeak leuzemia zuela jakinarazi ziotenean "mundua eten egin zela" sentitu zuela, baina bizipenak elkarbanatzeak asko lagundu diola. Gogoan izan ditu une haietan ondoan izan zituztenak: "Sekulako babesa eta maitasuna eman ziguten senide eta lagunek; zorretan nengoela sentitzen nuen. Laguntza handia izan genuen eta orain, nik liburu hau behar dutenentzat lagungarri izatea nahiko nuke".
Julen "poz-pozik"
Semeari ipuina "asko" gustatu zaiola kontatu du Huesok, eta gaineratu, harrituta dagoela: "Ez zuen espero liburu bat sortuko nuenik bere gaixotasunaz hitz egiteko. Lotsati samarra da. Ez zaio protagonista izatea gustatzen, baina poz-pozik dago egin dugun lanarekin. Sasoeta ikastetxean ikasten du, eta bertako ikasleen irratsaioan parte hartzeko deia jaso nuela kontatu nionean famatua nintzela esan zidan. Ilusioz bizi du".
Irakurle eta herritarrengandik ere "sekulako erantzuna" jasotzen ari dela azpimarratu du: "Harrituta nago, izugarria izaten ari da, ez nuen inondik inora imajinatu hainbesterako izango zenik, lehertzear daukat sakelakoa. Familietan gaiaz hitz egiten ari dela ikusten ari naiz, eta erabateko betetasuna sentiarazten dit horrek".
Erosketa puntuak
Aspanogi Gipuzkoako Haur Minbizidunen Gurasoen Elkarteko kide da Montejo-Hueso familia. Parte direnei laguntza psikologikoa, babes emozionala eta gizarte laguntza ematea du helburu elkarteak, eta hura laguntzea da Otsoaren beste xedeetako bat. Liburuaren erosketarekin lortutako dirua bertara bideratuko dela iragarri du idazleak. Erosi nahi duenak Lasarte-Orian bertan egin dezake. Sasoeta auzoan badago Carretero izeneko paperdenda bat eta bertan salgai dago. Bestalde, Zumaburuko estakoan ere eros dezakete interesa dutenek. Zortzi euro balio ditu.