Samara Velte kazetari eta EHUko doktoreak Nik sinesten dizut liburua aurkeztu du Lasarte-Orian, hilaren 15ean. Manuel Lekuona Kultur Etxeko hitzaldi aretoan egin du, eta Maider Galardi kazetari eta EHUko doktoregai lasarteoriatarra izan du ondoan. Bera arduratu da saioa gidatzeaz.
2016. urteko Iruñeko sanferminetan gertatutako talde bortxaketatik abiatuta, ikuspegi kritiko batetik aztertu du auzia Veltek. Aleka bildumaren zortzigarren liburua da, eta Berria egunkariaren, Elkar eta Txalaparta argitaletxeen eta Jakin aldizkariaren eskutik argitaratu du. Solasaldi modura hitz egin dute gaiaz.
Ondutako lana ez da duela bost urte gertatutakoaren gaineko kronika liburu bat, sanferminetako bortxaketa kolektiboa ardatz hartuta, indarkeria sexistari buruzko hausnarketa kritiko bat baizik.
Idazleak erakutsi nahi izan du indarkeria sexistak "aurpegi asko dituela" eta horixe bera irudikatu du, esate baterako, liburuaren azalean agertzen den irudi poliedrikoarekin.
Velte eta Galardiren arteko solasaldiaren ostean, hitza hartzeko aukera izan dute bertaratu diren lasarteoriatarrek; denek hitz egin dute. Tarte atsegina zabaldu da; entzule bakoitzak bere hausnarketak eta kezkak mahaigaineratu ditu.