Kultur egitasmoak urtea amaitzeko

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 17a

Konturatzerako amaitzear da 2021. urtea ere. Gabon giroa sumatzen da dagoeneko Lasarte-Orian; horren adierazle dira hilabetea amaitu aurretik iragarri dituzten zenbait kultur jarduera ere. San Tomas Egunetik hasi eta Urte Zahar egunera bitarte, ekimen ugaritan parte hartzeko aukera izango dute herritarrek. Koronabirusaren eragina nabaria izango da aurten ere

Urte sasoi honetan, Eguberri giroa nabari da Lasarte-Oriako kaleetan. Kale argiztapenak gogorarazten digu amaitzear dagoela urtea. Abenduaren 4an piztu zituzten aurtengo Gabonetako argiak eta urtarrila hasierara arte argiztatuko dute herria. Urtero bezala, Aterpea  merkatarien elkarteko hamazazpi establezimenduk erakusleihoak apaindu dituzte eta gustukoena aukeratzeko lehiaketa abiatu dute. Larunbatera arte (abenduak 18) izango dute herritarrek  parte hartzeko aukera, sare sozialen bidez. Horretarako, erakustoki dotoreenari argazkia atera eta Facebook edo Instagramera igo beharko dute. Zozketaren irabazleak 200 euro jasoko ditu. Bestalde, hilabete bukaerara arte, Eguberrietako kanpaina ere martxan izango dute. Bezeroen fideltasuna saritzeko Aterpeako 46 establezimenduetan erosketak egiten dituzten pertsonen artean Eguberrietako sortak zozkatuko dituzte. Abenduaren 31ra arte izango dute herritarrek parte hartzeko aukera.

Kultur deialdiak
Bi aste eskas besterik ez dira geratzen 2021 amaitzeko, eta, aurten ere, kultur jardueretan parte hartuz agurtu ahal izango dute urtea herritarrek. Aurtengo Gabonetako jarduerak ere koronabirusak baldintzatuta egongo dira, baina izango da gozatzeko aukera bat baino gehiago. 
Jaiotzak ikusteko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Horretarako Ama Brigitarren komentura joan beharko dute. Hala, Danok Kide guraso elkarteak antolatu duen  XVIII. Jaiotzen Lehiaketako lanak San Pedro elizan jarriko dituzte ikusgai sari banaketa egin bitartean, eta irabazleak, berriz, Azpeitia altzairu dendan. Antolatzaileek iragarri dute jaiotzak abenduaren 17 eta 18an entregatu behar direla elkartearen egoitzan, Blas de Lezo kaleko 11-13an, 17:00etatik 19:00etarako ordutegian.

Biyak Bat adinekoen egoitzak ere iragarri du ekitaldirik datozen egunetarako.  Jakinarazi du San Tomas eguna ospatuko duela, nahiz eta ez duen ohiko moduan egingo. Txartel batzuk banatu dituzte bazkideen artean, eta horiek aurkeztu beharko dituzte datorren asteartean, abenduaren 21ean, txorizo pintxoa eta ardo edo freskagarri bat eskuratzeko. 

Eguberri doinuak
Doinu propioak izan ohi dituzte Gabonek eta horiek abestu eta jotzeaz arduratzen dira herriko zenbait musikari. Bihar, abenduaren 18an,  Alboka abesbatzak emanaldia eskainiko du San Pedro elizan. 20:00etan izango da hitzordua. Etzi, berriz,  abenduaren 19an, Zero Sette akordeoi taldearen txanda izango da. Hauek ere Eguberrietako emanaldia eskainiko dute. Kultur etxeko oholtza gainean ariko direla iragarri dute, 12:30ean. Sarrerak salgai daude Manuel Lekuonako leihatilan, 5,50 euroren truke.

Udal Musika Eskolako musikariak irtengo dira agertokira abenduaren 22an eta urteroko Gabonetako emanaldia eskainiko dute. 19:00etan hasiko da kontzertua, kultur etxean.  

Erketz EDT taldeko kideek ere, urteroko kantaldia egingo dute. Hilaren 24an ariko dira, Txoko tabernatik abiatuta, 16:30ean. Hori baino lehen, entseatu egingo dute, hilaren 20an, haien lokalean. Jakin nahi dute nortzuk entseatu eta abestuko duten, eta nortzuk animatuko diren soilik Gabonetako kantaldira. Abisatzeko, 685 72 48 71 telefonora idatzi edo deitu behar dute interesa dutenek. 
Musika emanaldiekin amaitzeko, Gospel emanaldi bat iragarri dute abenduaren 29rako. Black Pearls of Gospel taldearekin gozatu ahal izango dute herritarrek. Kultur etxeko auditorioan izango da, 20:00etan eta sarrerak salgai daude hamabi euroan. 

Antzerkia eta zinema ere bai
Musikaz gain, antzerki eta zinema hitzorduak ere izango dituzte lasarteoriatarrek. Bihar, hilaren 18an, esaterako, ATX Teatroa taldeak Lubaki Lainotsua obra taularatuko du, 20:00etan. Helduentzako ikuskizuna da eta sarrerek 5,50 euro balio dute.

Zinema proiekzioak, ordea, bat baino gehiago izango dira; haurrentzako zein helduentzako filmak iragarri dituzte udalak eta Okendo Zinema Taldeak. Igandean, abenduaren 19an Una familia feliz ikustera joateko aukera izango dute etxeko txikiek. 17:00etan hasiko da eta sarrerak salgai daude, kultur etxeko leihatilan 3,80 euroren truke. Egun berean, baina bi ordu eta erdi geroago, hau da, 19:30ean, Way Down proiektatuko dute helduentzat. Sarrerek 5,50 euro balio dute. Abenduaren 26an ere beste zinema saio bikoitz bat izango da; ohi bezala, arratsaldeko lehena (17:00etan) haurrentzako eta bigarrena helduentzako (19:30ean). Trash botako dute lehenengoan eta Cuidado con lo que deseas bigarrengoan. Hilabete amaieran eta Okendo Zinema Taldearen eskutik izango da urteko azken film emanaldia. Abenduaren 30ean, Pan de limón con semillas de amapola ikustera joateko aukera izango dute lasarteoriatarrek. 20:30ean izango da eta 5,50 euroren truke.

Momentuko osasun egoeraren ondorioz, Eguberrietako  haur parkea aurten ere bertan behera utzi du udalak. Iragarrita zegoen aurtengo Gabonetako jardueren artean, baina asteon eman du erabakiaren berri.

Errege Magoen kalejirarik ez
Meltxor, Gaspar eta Baltasar etorriko dira lasarteoriatarrak bisitatzera urtarrilean, baina iaz bezala, ezingo dute herrian barrena kalejirarik egin. Horrela iragarri du udalak. Jende pilaketak ekiditeko helburuarekin hartu du aipatu erabakia, eta jakinarazi, bestelako proposamenak lantzen ari dela Megaba elkartearekin batera. Elkarte hori izango dela datozen egunetan, aurtengo jardueren berri emango duena.