Agustin Valdivia alkateak eta Gazteria eta Ospakizuna zein Kirolak batzordeetako buru Txus Alonsok eman dute erabakiaren berri. "Urtero egiten dugu prentsaurrekoa ekitaldiak iragartzeko, baina, tamalez, aurtengoa egingo ez denaren berri ematekoa izan da", adierazi du alkateak.
Jarraian, hilaren 21etik urtarrilaren 5era arteko egitaraua errepasatu du Alonsok. Hau da egoera:
- Abenduak 21, San Tomas eguna. Jende pilaketak saiheste aldera, azoka egitea ez baimentzea erabaki du udalak.
- Abenduaren 22an irekitzekoa zuten Eguberrietako Haur Parkea bertan behera utziko dute, "bigarren urtez jarraian". "Dena prest geneukan, baina pandemiaren bilakaera nolakoa den ikusita, zuhurra iruditu zaigu egitasmoa aurrera ez eramatea".
- Abenduak 23, ur festa kiroldegian. Ez dute egingo.
- Abenduak 24, Olentzero eta Mari Domingiren etorrera. San Tomas eguneko azokaren antzera, desfileak pilaketak sor ditzakeela-eta, ez dute baimendu. Ttakun Kultur Elkartea arduratzen da pertsonaia horiei harrera egiteaz, eta Alonsok zehaztu duenez, B plan bat prestatzen ari dira. "Ttakun bera arduratuko da zehaztapenen berri emateaz". Bihar argitaratuko dugun aldizkari berezian irakurri ahalko dituzue xehetasunak.
- Abenduak 31, San Silvestre Lasarte-Oria. Antolatzaileek lasterketa ez egitea erabaki dute. "Zentzuzkoa iruditzen zaigu, festa giroko jarduera baita, eta egoerak ez du laguntzen", azpimarratu du alkateak.
- Urtarrilak 5, Errege Magoen etorrera. Megaba elkartea ari da ongietorria prestatzen, eta eragilea bera izango da xehetasunen berri emango duena, guzti-guztia zehaztuta duenean. Olentzero eta Mari Domingiren kasuan bezalatsu, kabalgatarik ez dute egingo herrian barrena.
Kultur etxeko ikuskizunak
Alonsok zehaztu duenez, Kultura sailarekin hitz egin du eta, gaur-gaurkoz, kultur etxean egitekoak diren ikuskizunak mantendu egingo dituzte, hala nola, biharko kirolaren gala eta hilaren 29ko gospel kontzertua. Edonola ere, moldaketa batzuk egin beharko dituzte, derrigorrezkoa delako ikus-entzuleei COVID ziurtagiria eta NAN agiria eskatzea. "Horrek aldatu egingo du gure lan egiteko era, hori doitzeko lanean ari gara".