Buruntzaldea IKTko igerilariek lau hitzordu dituzte asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 17a, 09:00
Nora Imaz Igea igerilariak iazko podiuma errepikatzeko lehiatuko da Distantzia Luzeko Euskal Herriko txapelketan.

Buruntzaldea IKTko igerilariek ez dute atsedenik. Asteburu honetan lau hitzordu izango dituzte. Lehena Maialen Chourraut kiroldegian, Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapelketa. Hori dela eta, igerilekua itxita egongo da 

Abenduaren 18an, Maialen Chourraut kiroldegian Distantzia Luzeko Euskal Herriko Txapelketa antolatuko du Buruntzaldea IKTk. Bertan  Nora Imaz Igea igerilari gazteak absolutu mailako 3.000 metroko proban parte hartuko du. Iaz podiumera igo zen eta aurten ere lehen postuetan egoteko lehiatuko da. 

Proba horretaz gain, infantil mailako igerilariek 2.000 metroko saioa izango dute.

Ondorioz, Lasarte-Oriako Kirol Zerbitzuak jakitera eman du, abenduaren 18an, larunbata, goizeko 9:00etatik 14:00etara igerilekua itxita egongo dela. Erabiltzaileak Andoain, Usurbil eta Urnietako igerilekuetara joan daitezkeela ere gogoratu dute.

Beste hitzorduak

Nahia Zudaire Borrezok, berriz, Oviedora egingo du bidaia VIII Open Internacional Mareastur de Natación Adaptada sarian parte hartzeko.

Bestalde, abenduaren 11n kiroldegiko igerilekuan jokatzekoa zen Alebin Ligako 3. jardunaldia bertan behera geratu zen. Gipuzkoako Foru Aldundiak eguraldia dela eta alerta laranja ezarri zuen eta Eskola Kiroleko jardunaldia eten zen. 

Igeriketa taldeko txikiek ordea, abenduaren 18an arratsaldean euren aurrera pausoak erakusteko aukera berria izango dute benjaminekin batera, XXI Paco Sanchez Saria.

Azkenik, infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek Neguko Ligako 4. jardunaldia lehiatuko dute Hernanin.