Errugbiko taldeek emaitza ezberdinak eskuratu zituzten

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 15a, 13:30
Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldea, Michel kirol guneko zelaian jokatutako partidan.

Abenduaren 12an, Euskal Ligako Gesalaga Okelan Zarautz Beltzak taldeak garaipena erdietsi du; Ohorezko B Mailako taldeak, berriz, Ourenseren aurka galdu du. Emakumezkoen Euskal Ligan, sailkapeneko buru diren Hernani eta Gaztediren arteko lehia izan da. Bi herritar izan dira aurrez aurre eta Gasteizeko taldeak lortu du garaipena 

Gesalaga Okelan Zarautz taldeko Ohorezko B mailako eta Euskal Ligako taldeek euren ligetako jardunaldia jokatu zuten abenduaren 12an, Astin.
Euskal Ligako taldeak Domiberia RC Rioja izan zuen aurkari. Nagusi izan zen etxeko taldea eta 43-7 irabazi zuen partida.

Ohorezko B mailako taldeari, ordea, garaipenak eskuetatik ihes egin zion. Campus Universitario Ourenseren aurkako partida borrokatua izan zen eta bigarren zatian aurretik jarri arren 17-14, azkenean galiziarrek eraman zuten saria, 17-21.

Bi partiden artean, Zarautz Errugbi Beltzak errugbi taldeak Alex Saleta Atorrasagasti omendu zuten. Taldeko jokalari zein zuzendaritzako kideek oroigarri bat eman zioten herritarrari.

Saletak 20 urtez azpiko Europako txapelketa irabazi berri du Espainiako errugbi XV selekzioarekin.

Herritarrak aurrez aurre

Emakumezkoen Euskal Ligan, sailkapeneko lehen bi postuetan dauden Cominter Tisu Hernani eta Vithas Gaztedi taldeen arteko neurketa izan zen, Gasteizen. 

Bi taldeetan herritarrak izan ziren lehian; Hernaniko taldean Paola Vega Santos eta Gasteizeko taldean Aizpea Racamonde Mendiluce. Racamondek lehen urtea du errugbia egiten eta pixkanaka lekua egiten ari da taldean.

Lehia handiko partida izan zen eta entsegu gutxi ikusi ahal ziren. Atsedenaldian Hernani 5-7 garaile bazen ere, Gaztedik bigarren zatiko entsegu bakarra egin eta partida eta sailkapeneko burua eskuratu zituen, 10-7. 

Bestalde, Nerea Loyarte Mayoz herritarrak Gaztela eta Leongo Ligan egin zuen debuta. Herritarrak Albeitar Leon Rugby Club taldean jokatzen du eta CDU Salamanca taldearen aurkako neurketan jokatu zuen estreinakoz.