LAPKEk nagusitasunez jokatu zuen eta ez zion aukerarik eman Intzako bikoteari partidari itzulia emateko; 7-22 gailendu zen.
Intzako kideek aurreratu bezala, ez zen partida erraza izango "aurkaria maila onean ari baitzen lehian".
Herriko pilota elkarteko kideek, ordea, ez zuten emaitza hori espero. "Sendo jokatu dute. Konturatu orduko ihes egin dute eta ezin izan dugu ezer egin," azaldu du Artetxe jokalariak.
Atsedena
Banakako lehia ere amaitu dute Intzako pilotariek. Haritza Diaz de Gereñu jubenilak eta Beñat Olazabal kadeteak ezin izan dute lehen fasea gainditu.
"Bagenekien sailkatzea zaila izango zela, gure helburua pilotariek maila onean lehiatzea zen eta esperientzia hartzea," adierazi du Jose Felix Solano prestatzaileak.
Intzako pilotariek hilabete izango dute akatsak zuzendu eta fin jartzeko. Intzako arduradun Solanok aurreratu duenez, jubenil eta kadete mailako gazteek bi hitzorduri egin beharko diote aurre urtarrila amaieran: Trinketeko txapelketa eta Udaberri txapelketa. Bietan binakako modalitatean parte hartuko dute.