Gertukoei euskara oparitzeko katalogoa berritu dute

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 14a, 13:08

Eguberriak iristear daude, eta garai aproposa da seme-alabei edo ingurukoei euskarazko produktuak oparitzeko. 23. urtez, katalogo bat osatu dute Euskal Herriko 100 bat udal eta mankomunitatetako euskara zerbitzuek, baita Lasarte-Oriakoak ere. Edukiak bi ataletan antolatu dituzte: 0-12 urte bitarteko haurrentzako produktuekin bata, eta 12-16 urte bitarteko gazteentzako produktuekin bestea. Papereko zein sareko edizioak prestatu dituzte.

Lasarte-Oriako Udaleko Euskara Zerbitzuak jakinarazi du 16 urtez azpiko pertsona bat bizi den etxebizitza guztietara igorri duela paperezko katalogoaren ale bat. Edonola ere, eskuorri horrek ez ditu jasotzen katalogoa.eus webgunean zerrendatzen diren 2020ko produktu guztiak, atalka antolatutako hautaketa bat baizik: DVD filmak, aldizkariak, komikiak, liburuak, jostailu eta jokoak eta gurasoentzako materiala. 

Atari digital horrek 8.000 produktu ingururen erreferentziak dituela azpimarratu du Euskara zerbitzuak, eta "etengabe" berritzen dela.