Giza eskubideen urraketei buruzko lekukotzak

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 10a, 20:51

Lasarte-Oriako Bizikidetza Foroak antolatuta, Ixabelen sukaldea dokumentala proiektatu dute estreinakoz kultur etxean. Emanaldia hasi aurretik, Giza Eskubideen Adierazpen Unibertsala osatzen dute 30 artikuluak irakurri dituzte ikus-entzunezkoaren parte izan diren zenbait herritarrek. 

Abenduaren 10a Giza Eskubideen Nazioarteko Eguna da. Data esanguratsu hori baliatuta, Bizikidetza Foroak Ixabelen sukaldea dokumentalaren emanaldia antolatu du. Foroak berak proposatuta, Xuban Intxaustik zuzendu du lana. Hainbat lasarteoriatarren testigantzak biltzen ditu motibazio politikoko indarkeriak eraginda giza eskubideen urraketari buruz. 

Lekukotza horiek azaroan zehar zabalik egon den Bizikidetzarako memoria erakusketaren parte dira eta haren harira antolatutako solasaldietan ere entzun ahal izan dira. 

Artikulu bakoitzaren edukia euskaraz eta gaztelaniaz agertu da pantailan, kide baten argazki eta izenaren ondoan. Mikro aurrera joan dira, banan bana, bakoitza irakurtzeko ardura zuena. Alde batetik igo eta bestetik jaitsi dira. Bitartean, ilara laburra osatu dute eskaileretatik gertu. Bat baino gehiago irakurri dutenak han gelditu dira zain, aretoa zeharkatu ondoren. 

Irakurketa osatuta, emanaldia hasi da. Pantailan agertzen joan dira zenbait datu, mahaia prestatzen zihoazen esku batzuen gainean: Hildakoak, presoak, atxilotuak, ekintzak... Eta ondoren, zenbakiek ezkutatu ohi dituzten ahotsak eta aurpegiak agertzen joan dira.