"Elkarrekin hazi" hitzaldia eman du Nerea Mendizabal hezitzaileak Gurasolandian

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 10a, 18:16

Ttakun Kultur Elkarteak eta Lasarte Oriako Udalak antolatutako ekimena 0-2 urte arteko seme-alabak dituzten gurasoei zuzendutakoa da eta haietako zazpi elkartu dira ostiral arratsaldean Mercero gunean. Euskara batzordeburu Jon Antxordoki ere bertaratu da egitasmoan parte hartzen duten gurasoei ongietorria egin eta eskerrak emateko. 

 

Ikasturteko bigarren saioa egin dute arratsaldean Gurasolandiako kideek. Ane Ablanedoren hitzaldiaren ondoren, Nerea Mendizabal aditua gonbidatu dute gaur gurasoekin bere ezagutza partekatzera. Programaren barruan, gurasoentzat eta hauen seme-alabentzat bideratutako aisialdi ekimenak aurrera eramaten dituzte, bi helburu nagusirekin: lehena, familiek aisia tarte atsegin eta interesgarri bat izatea jakin mina eragiten dieten gaien inguruan, eta bigarrenik, euskaraz arituz gozatzea. Horrela, bai familia bakoitzaren bai familien arteko lagunartea eta konfiantza handitu nahi da, euskara ere bidelagun eta familiako bat gehiago izanik.

Solasaldia hasi aurretik, Jon Antxordoki zinegotziak ongietorria eman die egitasmoan parte hartzera animatu diren gurasoei. Gurasolandia  Lasarte-Oriako Udalak eta bertako zenbait eragilek elkarlanean daramate eta haren parte dira Gurasolandiako hitzaldiak. Zehazki, azken hori, Udaleko Euskara Sailak eta Ttakun Kultur Elkartearen hitzarmenean jasotako jarduera da. Euskarari familian tarte egiten dion aldetik, programak duen garrantzia nabarmendu du Euskara batzordeburuak. "Egitasmo honek ez dirudi gauza handia denik, baina oso inportantea da; euskara sustatzeko oso garrantzitsua baita familia arteko transmisioa". Arlo honetan oso proiektu gutxi daudela zehaztu du eta duela bi aste honen berri eman ziotela Eusko Jaurlaritzari. "Oso gogotsu hartu dute eta badirudi, seguru asko, zerbait egin genezakeela Euskadi mailan". Hortaz, "esperimentu baten punta" direla esan die, txantxetan. Bertaratutakoei eskerrak eman, eta gainerako gurasoak eta familiak gonbidatu ditu parte hartzera. 

Agurren ondoren, Mendizabalek hartu du hitza. Talde txikia osatu dela baliatuta, beraien behar edo nahietara moldatzeko borondatea adierazi die hizlariak. Horretarako, zergatik bertaratu diren eta zer ikasi nahi duten galdetu die. Banan bana erantzun diete bertaratutakoek: frustrazioa kudeatzen jakitea, noiz debeku bati eutsi... Bakoitzak berea izendatu du. Eta guztientzat lagungarria den zerbait ematen ahaleginduko zela argituta ekin dio saiori hezitzaileak.