Mailegua, 2022ko aurrekontuak eta 'Oporrak bakean' gaiak aztergai udalbatzarrean

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 10a

Arg.: Lasarte-Oriako Udala

Udalbatza osatzen duten alderdiak atzo arratsaldean bildu ziren hileroko ohiko bilkura egiteko. Hainbat gai landu zituzten arren, galdera eta erreguen tarteak eman zuen zer esana

Abenduko Ohiko Udalbatzarra aurreko saioetako akten onarpenarekin hasi zen.

Ostean, bost gai jarri zituzten mahai gainean eta EH Bildu eta ELOP udal taldeek aurkeztutako “Interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berria”-ri buruzko mozio bateratua izan ezik, beste guztiak eztabaida handirik gabe aurrera egin zuten.  

Lehena, Planeamenduko Arau Subsidiarioetako Arau Orokorretako 2.9 artikuluko a3.1 lurzatien erabilera-araubidearen antolamendu xehatua behin betiko onarpena izan zen eta udalbatzarrak onespena eman zion PSE-EE, EH Bildu eta ELOP alderdien aldeko bozekin. EAJ abstenitu egin zen.

Ordenantza fiskalei aurkeztutako alegazioa izan zen hurrengo puntua. Dagokion batzordean landu ostean, udalbatzak atzera botatzea erabaki zuen.  Ukapen proposamenak aldeko hamar bozka (PSE-EE eta EAJ) eta sei abstentzio (EH Bildu eta ELOP) jaso zituen.

Hiri-lurren gehikuntzaren gaineko zerga arautzen duen 2. ordenantza fiskala aldatzeko proposamena ere landu zen. PSE-EEren aldeko bokarekin bakarrik onartua izan zen. EAJk aurka egin zuen eta EH Bildu eta ELOP alderdiek abstentziora jo zuten.

Ohartarazpena

Era berean, Udal Gobernuak 2021eko aurrekontuko hainbat inbertsio finantzatzeko mailegua hitzartzeko proposamena eraman zuen udalbatzarrera eta PSE-EE eta EAJ alderdien bozkek aurrera egitea ekarri zuen. EH Bildu eta ELOP abstenitu egin ziren.

Puntu honetan Udal Gobernuak EAJren ohartarazpena jaso zuen. Alderdi jeltzaleko ordezkari Jon Antxordokik azaldu modura, "mailegua finantzatuko dituen hiru proiektuetako biren alde gaude: Atsobakarreko kirol eremua eta kiroldegi berria. Baina ez zaigu gustatu gaia batzarrera ekarri baino lehen, Jaizkibel plazako lanak lizitazioara ateratzea. Badakigu soberakinarekin ordaindu daiteela proiektu horretako lizitazioa, baina ez zaigu egokia iruditzen gaia ez aztertu izana lehenik. EAJ aspertzen, nekatzen hasi da. Ez da posible urtetan horrelako proiektuak atzeratzea. Gauzak egiten hasten dira edo EAJk Gobernua babesteari utziko dio".

EH Bildu eta ELOP udal taldeek aurkeztutako “Interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berria”-ri buruzko mozio bateratua izan zen jorratu zuten azken gaia.

EH Bildu eta ELOP udal taldeen iritsiz, Eusko Legebiltzarrean onartuko den ingurumenarekin lotutako interes publiko goreneko proiektuen erregulazio berriak udalen autonomiarentzat kaltegarria da. Izan ere, horren bitartez, Eusko Jaurlaritzak ingurumenaren alde dauden proiektuak gailenduko ditu herrietako HAPOen gainetik. "Udalek ez dute izango desegokitzat dituen proiektuak atzera botatzeko eskumenik," azaldu zuen Uxue Loinaz EH Bilduko kideak. ELOP EUDELen bitartez adostasun batera iristeko atea ere ireki zuen, "beste herrietan egiten ari diren bezala".

EAJko Boris Nogalesek azken urteetako goi bilerek ingurumenaren aldeko erronka handia dela azpimarratu dutela gogoratu zuen. "Azkar jokatu behar da, berritzaileak ez diren neurriak hartu behar dira. Erronkari aurre egiteko interbidea da lege hori onartzea," adierazi du.

EH Bilduk eta ELOPek alde egin arren, EAJren eta PSE-EEren bozkek atzera bota zuten mozioa. 

Aurrekontuak eta Sahara

Jarraian, galdera eta erreguak egiteko txanda izan zuten alderdiek.

ELOPek aurrekontuen egoerari buruz galdetu zion Udal Gobernuari. "Aurreikuspen bat genuen eta ez da bete. Ez dugu zirriborrorik esku artean," adierazi zuen ELOPeko David Aresek.

Alkateak behin behineko zirriborroa landua zegoela azaldu zuen. Baina proiektuetako aurrekontuak jasotzean ezusteko bat izan dutela jakitera eman zuen: "Lehengaien prezioen igoera dela eta, aurrekontuak ere aasko igo dira. Aztertzen ari da igoera zergatik eman den. Beraz, finantzaketaren berrikuspen bat egin behar da. Lan horiei aurre egin ahal izateko agian proiektuetako batzuk egin gabe utzi beharko ditugu". Hala ere, Ogasuneko arduradunari galdetuta hurrengo astean zirriborroa prest egotea aurreikusten dutela ere aurreratu zuen.

EAJk, berriz, OMICeko bulegoaren lizitazioaren egoera eta herrian egon diren lapurretei buruz galdegin zuen.  

OMICeko bulegoa lizitazioan dagoela gogorarazi zuen Sozioekonomiako arduradun Nuria Fernandezek. Gainera, Xabier Egea idazkariak Eusko Jaurlaritzan prozeduraren aurkako errekurtso bat aurkeztu dela jakitera eman zuen. Beraz, horiek ezer ebatzi ezean, prozedurak aurrera egin ezin duela azpimarratu zuen.

Lapurretei dagokionez, udaltzain eta Ertzaintzarekin elkarlanean ari direla jakitera eman zuen Udal Gobernuak. Alkateak Ertzaintza buruari bere kezka agertu eta gaiaren gainean hitz egin duela azaldu zuen.

Azkenik, EH Bilduren erregua izan zen. "Gizarte Zerbitzuetako Batzordean Saharar Elkartasunaren aldeko elkartea 'Oporrak bakean' alternatiboa egiteko laguntza onartu zen, 9.500 eurokoa eta oraindik ez da ordaindu. Galdera bat dugu, ordaintzeko asmorik dago? Pandemiako lehen urtean, 2020. urtean onartutakoa ere ez dute jaso. Erregua egiten diogu Udal Gobernuari, 2021ko diru-laguntza ordaintzeko eta elkartearekin biltzea 2020ko dirulaguntza ez jasotzeak ekarri duen kaltea nola arindu aztertzeko."

Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi Lourdes Acevedok eta Ion Murua kontuhartzaileak azaldu zuten zein den prozedura dirulaguntzak emateko eta 2020. urtean dirua ez jasotzearen arrazoia zein den aipatu zuten, azken memoria diru laguntza jasotzen duen espedientearekin bat ez etortzea. Hala ere, 2021. urtean, hori ez gertatzeko dokumentazio gehigarria eskatu dela eta elkarteak 8.000 euro jasotzeko aukera dagoela jakitera eman zuen Acevedok. Horrez gain, alkateak guztia argitzeko elkartearekin bilduko delaren hitza eman zion EH Bilduri.