Lasarte-Oriako Kirol Galak berrikuntzak izango ditu

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 10a

Lasarte-Oriako Kirol Gala aurkeztu dute gaur udal ordezkariek.

Lasarte-Oriako Kirol Galaren aurkezpena egin dute gaur eguerdian Kirol zinegotzi Txus Alonsok eta Agustin Valdivia alkateak. 2021. urteko Kirolari Onenaren Saria jasoko duten herritarren izenak jakinarazteaz gain, ekimenak izango dituen berrikuntzak azaldu dituzte agerraldian

Abenduaren 17an, arratsaldeko 19:00etan Lasarte-Oriako Kirolaren Gala egingo da Manuel Lekuona kultur-etxean. 2015. urtean eskaini zituen Udalak lehenengoz sariak eta helburua Lasarte-Oriako kirolari eta kirol elkarteek egiten duten lana goraipatzea da.  Txus Alonso Kirol batzordeburuak azaldu modura, "seigarren urtea da sariak banatuko ditugunak. Iaz pandemia dela-eta, kirol jarduera etena egon zenez, ezin izan genuen ekimenik egin. Baina aurten, berriro ere, kirolarien jarduna sarituko dugu". 

Kirolari Onenaren Sariko prozedura azaldu eta aurtengo sarituak jakitera eman dituzte. Emakumezkoen saria Ostadar Atletismo saileko Naroa Furundarena Urkolak jasoko du. Gizonezkoen saria, berriz, Beltzak RTko harrobiko errugbi jokalari den Alex Saleta Atorrasagastik eskuratu du. Ibilbidearen sariari dagokionez, bi sari banatuko dira ex aequo. Sarituak errugbi jokalari-ohia eta entrenatzailea den Francisco Jose Puertas Soto eta Carlos Rodriguez Gobernado arrantzalea dira.

Gala Manuel Lekuonan

Berrikuntza modura, aurten sari banaketa Manuel Lekuona kultur-etxera lekualdatu dela nabarmendu dute. "Udaletxean senide eta herritar gutxi batzuk sartzen ziren. Leku aldaketarekin herritarren eta beste kirol elkarteen babesa eta beroa sentitu dezaten nahi dugu," adierazi du Alonsok. Horretarako, herriko kirol elkarteez, sarietako hautagaiez eta sarituen senideez gain, herritarrak gonbidatu dituzte ekimenera. Gonbidapenak Manuel Lekuona kultur-etxean jaso ahalko dira.

Eta leku aldaketa horrek ere galaren formatu aldaketa ahalbideratuko du, Kirol arduradunak azaldu duenaren arabera. Era honetara, kirol Galaren barruan, LOKEko gimnastikako taldeko erakustaldiaz gozatuko da eta Udalaren eskaerari erantzunez David Sanchez Carretero herritarrak Lasarte-Oriako eta herritarren egiten dituzten kirol jardueren erakusleiho izango den espota ere estreinakoz ikusi ahalko da.  

Galari garrantzia gehiago emateko, gainera, Kale Nagusian jarri diren banderolak ekarri dituzte gogora udal ordezkariek. "2015. urtetik saritu diren kirolariak agertzen dira bertan. Euren lana saritzeaz gain, egiten dituzten kirolei ere ikusgarritasuna ematen zaie. Gure herritarrek 30 kirol disziplina baino gehiagotan parte hartzen baitute," azaldu du Alonsok.

Azkenik, Lasarte-Oriako alkatea harro agertu da herriko kirolariek egindako lanaz eta herritarrak gonbidatu ditu Kirol Galara joateko.