Hipodromo Etorbideko zubia berrireki dute

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 10a

Etenik gabe egin du euria azken asteotan eta horren eragina nabaria izaten ari da Lasarte-Orian ere. Oria ibaia muga-mugan doa. Hipodromoko zubia duela gutxi berrireki dute, goiz osoan itxita egon ostean, eraiste arriskuagatik.

Euriak etenaldia egin du ostiral goizean, baina azken asteotan botatako euri jasen ondorioz, ibai eta erreken ur emaria hazi egin da nabarmen. Lasarte-Orian, esaterako, Oria ibaia muga mugan doa. Hipodromoko zubia eta Erriberako garajeen zonaldeak dira puntu kritikoenak herrian. Horregatik, zubia itxi du udaltzaingoak goizean goiz, arriskuak ekiditeko. Duela gutxi zabaldu du ostera ere. Garajeetako autoak, aldiz, Okendo plaza ingurura atera dituzte bizilagunek. Mitxelin lantegi pareko baratzetan ere antzeman dituzte ondorioak. Urak hartu ditu eremu horiek. 

Aurreikuspenak egitea zaila dela azaldu dute Lasarte-Oriako Udaltzaingoek; Oria ibaia Andoain aldetik nola datorren begiratu behar dela azaldu dute. Ohartarazi dute Andoainen nahiko larria dela egoera, eta horrek modu bateko zein besteko eragina izan dezakeela Lasarte-Orian. Adi egon beharko da beraz, datozen orduetan. 

Erlazionatuak

Uholde arriskua Lasarte-Orian

Txintxarri Aldizkaria 2021 abe 10 Gizartea