Ostadar SKTk bazkide kanpaina hasi du

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 9a

Arg.: Ostadar SKT

Gaur ireki du Ostadar SKTk 2022. urteko bazkide kanpaina. Abenduaren 22ra arte izango da aukera kirol elkarteko bazkidetza egiteko 

Ostadar SKTk herritarrei kirol elkarteak duen proiektuan parte hartzera animatzen ditu, bai bazkide gisa, baita boluntario gisa ere. Kirol elkarteak herrian eta herrikoentzat kirola sustatzen du; egun 8 urtetako 900 kirolari inguru ditu atal ezberdinetan eta hainbat kirol ekimen antolatzen ditu – Lasarte-Oria Bai! Kros Herrikoia, Korrika Festa, saskibaloiko 3x3 txapelketa, saskibaloiko selekzioen topaketa, bolo eta tokako tirada bereziak, besteak beste – herriko ekonomia sustatuz.

Nahiz eta urte zaila izan den, Ostadar SKTk jakitera eman du, bazkidetza kuotak mantenduko dituela. Adin txikiko bazkideek 15 euro ordainduko dituzte; 18 urte baino gehiago duten kideek, 25 euro eta familia bazkidetza egiten dutenek, berriz, 50 euro.

Bazkide egin nahi duten herritarrek ostadar@ostadarskt.eus helbidera mezu bat bidali behar dute abenduaren 22a baino lehen.

Era berean, bazkide direnei euren laguntza "bihotzez" eskertzen die elkarteak eta kirol elkartearekin jarraitzera animatzen ditu, "egitasmo hau gauzatu ahal izateko zuen babesa ezinbestekoa baita".

Lizentziak eta bulegoa

Bestalde, kirol elkarteak gogorarazi du, mendiko zein zikloturisten lizentziak ere tramitatzen dituela. 2022 urteko lizentzia eskuratu nahi dutenek Ostadarreko bulegoan egin beharko dituzte izapideak; abenduaren 22a izango da eskaera egiteko azken eguna. Ostadarreko idazkaritzatik nabarmendu dute gainera, mendiko lizentziak urtero berritu behar direla eta zikloturistenak, berriz, kontrakoa esan ezean, automatikoki berritzen direla.

Horrez gain, kirol elkarteak bulegoa abenduaren 24tik urtarrilaren 9ra itxita egongo dela jakitera eman du.