Haurrentzako eta haurdunentzako jarduerak eskainiko dira igerilekuan urtarriletik aurrera

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 9a

Lasarte-Oriako Udal Kirol Zerbitzua pixkanaka ohiko jardunera itzultzen ari da ikastaro eskaintza zabaltzen. Oraingoan urtarrila eta martxoa bitartean eskainiko dituen haurtxoentzako eta haurdunentzako uretako jardueren izena ematea ireki du. Ikastaroak urtarrilaren 8an hasiko dira

Haurtxoei zuzendutako ikastaroak hamabi saio izango ditu eta astean behin eskainiko da, larunbatetan. Saioak 30 minutukoak izango dira. Horietan haurrek euren ardura duten helduek parte hartuko dute. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, taldea gehienez zortzi haurretakoa izango da.

Taldeen orduak honakoak dira:

  • 9:30ean, 24-36 hilabeteko haurrak.
  • 10:00etan, 18-24 hilabeteko haurrak.
  • 10:30ean, 12-18 hilabeteko haurrak.
  • 11:00etan, 6-12 hilabeteko haurrak.

Haurdunentzako ikastaroari dagokionez, jarduerak ere hamabi saio izango ditu eta astean behin eskainiko da, larunbatetan, 11:30ean. Saioak igerileku txikian egingo dira eta 50 minutuko iraupena izango dute. Gehienez 10 pertsonek parte hartu ahalko dute.

Informazio gehiago nahi izanez gero, Udal Kirol Zerbitzuko 943 37 61 82 zenbakira deitu behar dute interesatuek.