Imazek eta Zudairek Castalia Castelló Nazioarteko Sarian helburuak bete dituzte

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 9a

Arg.: Buruntzaldea IKT.

Buruntzaldea IKTko Nahia Zudaire Borrezo eta Nora Imaz Igea Espainiako igerilari onenen aurka lehiatu dira Castalia Castelló Nazioarteko Sarian abenduaren 3tik 6ra. Igeriketa taldeko kideek euren helburua bete dute: Zudairek 2022ko igeriketa egokituko Munduko Txapelketarako sailkapena lortu du; Imazek, berriz, bi marka pertsonal ondu ditu

Imazek Gipuzkoako Selekzioaren izenean parte hartu zuen estiloko hiru probatan: 200 m., 400 m. eta 800 m. probak. Ederki egin zuen igeri eta 200 m. eta 800 m. probetan, gainera, bere marka pertsonala ondu zuen. Marka berriak honakoak dira: 200 m. libreak, 02.17,07 eta 800 m. libreak, 09.48,78. 1.500 metroko proban lehiatzekoa bazen ere, azkenean ez zuen egin. 
 
Zudairek, berriz, igeriketa egokituko bi proba lehiatu zituen: tximeleta eta estilo libreko 100 metroko probak. Denboraldiko lehen lehiaketa izan arren, lehen postuetan sailkatu zen eta lortutako markei esker, urteko helburu lortu du dagoeneko Buruntzaldea IKTko igerilariak: 2022 urtean Funchalen (Portugal) ospatuko den Munduko Txapelketarako sailkapena. 
 
Tximeleta proban, bigarren postua eskuratu zuen 01.22,31 marka eginez eta 100 m. libre proba 01.09,43 markan amaitu ostean, podiumeko hirugarren mailara igo zen Zudaire.
 
Ligako jardunaldia 
 
Bestalde, Buruntzaldea IKTko gaztetxoenek lehiatzeko aukera berri izango dute Alebin Ligako 3. jardunaldian. Hitzordua abenduaren 11n arratsaldeko 16:00etan izango da Maialen Chourraut kiroldegian.
 
Jardunaldi horretan 200 m. bizkar eta 100 m. tximeleta probetan parte hartuko dute igerilari gazteek. Hasiberriek, gainera, 50 m. bular proba izango dute aukeran. Saioa amaitzeko gizonezkoek estilo libreko 4x100 m. erreleboa egingo dute.