Gol ugari izan zen I. Infantil mailako partidetan

Txintxarri Aldizkaria 2021eko abenduaren 2a

Ostadar SKT B taldeko jokalaria Texas Lasartearra-ko jokalariaren presiotik ihesi egin nahian.

Eguraldi zakarra izan da azaroaren 27-28ko asteburuan Michelin Kirol Gunean jokatzen duten taldeentzat. Hainbat partidetan euriaren hezetasunaz gain, kazkabarraren kolpeak ere jasan izan dituzte. Baina eguraldia alde batera utzita Ostadar SKT eta Texas Lasartearra futbol taldeen arteko bi derbi lehiatu ziren bata kadete mailan eta bestea infantil mailan. Biak irabazi zituen talde zuri-urdinak eta gol festa izan zen bietan; kadeteak 4-1 eta infantilak 11-0 gailendu ziren. Derbikoak ez ziren izan azpimarratzeko emaitza bakarrak izan, Ostadar SKTko infantil mailako A taldeak 9-0 irabazi baitzion Euskaldunari

Texas Lasartearra eta Ostadar SKT B taldeen arteko infantil mailako derbia, azaroaren 28an, lehiatu zen.

Partida hasieratik Texas Lasartearra izan zen nagusi. Talde zuri-urdineko entrenatzaile Yonatan Monroy-ren hitzetan, intentsitate gutxiko partida izan zen. "Guk Ostadarren eremuan jokatu genuen partida osoan. Ostadarri kosta egiten zitzaion bere eremutik ateratzea, beraz ez zuen aukerarik sortu".

Bi taldeetako prestatzaileek onartu dute partida hasi baino lehen zuri-urdinak garaile izatea espero zutela. Ostadarreko Jon Agirre-k aipatu duenez, "aurreikusten genuen beraiek nagusi izatea; Texas Lasartearra  sailkapenean hobeto dago eta. Baina ez genuen horrelako emaitzarik espero". 

"Lehen zati ona egin du taldeak eta ederki borrokatu dute jokalariek. Bigarren zatian, berriz, nekea nabaritu dute eta Texas ongi baliatu da egoeraz", azaldu du talde urdin-beltzeko prestatzaileak.

Hala ere, emaitzatik haratago Ostadar taldeko entrenatzailea jokalariek egindako lanarekin pozik dagoela nabarmendu du. 

A taldeak garaipena

Ostadarreko infantil A taldeak, berriz, emaitza aldeko izan zuen.  Andoaingo Euskalduna-ren aurka jokatu zuen, azaroaren 27an eta Javi Fraile taldeko arduradunak aurreikusi bezala, talde urdin-beltza 9-0 nagusitu zen. "Sailkapena ikusita  irabazteko partida zen. Ez genuen emaitza hori espero. Gainera, egiten zuen eguraldia ikusita edozer gerta zitekeen," aipatu du. 

Partida garbia izan zela nabarmendu du: "Guztia ongi joan zen. Ez zen faltarik egon. Eta bestelako arazorik ere ez genuen izan, lesioak, etab.

Gainera, atsedenaldira 5-0 iritsi zirenez, bigarren zatian gutxien jokatzen duten jokalariei aukera emateko baliatu zuela aipatu du entrenatzaileak. "Normalean errotazioak egiten ditugu, baina era horretara ere, badago jokalaririk besteak baino gutxiago jokatzen duena. Horregatik emaitza ikusita, jokalari horiei minutuak eman nizkien".

Txapeldunen fasea

I. Infantil mailako 6. multzoan ari dira Ostadar SKTko zein Texas Lasartearra elkarteko taldeak lehian.

Lehen itzuliko azken jardunaldia izan zen azaroaren 27-28an jokatutakoa eta zubiaren ostean, bigarrenari emango diote hasiera.

Lehen fase hau amaitzean,  sailkapenaren arabera, Txapeldunen fasea edo Gipuzkoako kopa jokatuko dute herriko taldeek.

Txapeldunen fasea multzo bakoitzeko lehen eta bigarren sailkatuez gain, hirugarren postuan dauden lau talderik hoberenak jokatuko dute.

Egun Texas Lasartearra da azaldutako azken talde horietako bat. Monroy entrenatzaileak azaldu duenez, "orain hirugarren gaude. Baina helburua bigarren itzulian puntuak lortu eta amaitzean bigarren postuan egotea da. Ez dugu inoren menpe egon nahi".

Lehia handia iragartzen du egun bigarren postuan den Usurbil Udarregi A taldearekin. Hemendik bi jardunaldietara bi taldeak aurrez aurre izango dira  eta partida hori irabaztea garrantzitsua izango dela adierazi du, baita irabaziz gero derbian lortutako golek balio handia izango dutela ere. 

Xedea lortzeko jokalariengan uste osoa du  Texas Lasartearrako prestatzaileak. "Jokalariak gogotsu daude eta ongi ari dira lanean".

Ikastea eta gozatzea xede

Ostadar SKTko taldeen kasuan,   A taldea laugarren postuan da; B taldea, berriz, zortzigarrenean. Sailkapen hori kontuan izanik Koparako sailkatuko lirateke. 

Jon Agirre B taldeko prestatzaileak azaldu modura, "gure helburua infantil mailan ez da sailkapenean lehen postuetan egotea. Jokalariek partidak jokatu nahi izatea, jokatzean gozatzea eta lan saioetan ikastea da guk nahi duguna".  

A taldeko arduradun Javi Fraile ere bat dator horrekin. "Jokalari guztiak pozik daude eta ni ere egiten ari diren lanarekin. Hurrengo partidetan eta saioetan gehiago ikastea da orain helburua".