Herritarrak eguraldiari aurre eginez, probaz proba

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 2a, 14:30

LOTMEko kide Jon Huici izan zen herritarren artean azkarrena. Arg.: LOTME.

Lasarte-Oriako hainbat herritarrek eguraldi kaxkarrari aurre egin eta azaroaren 28an, Donostiako Maratoian zein 10 kilometrotako proban lehiatu ziren. Ostadar Atletismo saileko federatuak ere lehian hasi dira

40 kilometrotako proba nagusian, lau herritarrek igaro zuten helmuga. Lasarte-Oria Traileko kide Jon Huici  izan zen lehena, 02.59.22. Beste hiruak Mikel Zaldua (03.24.47), Trinkoko Peio Fadrique (04.05.07) eta Garikoitz Urruzmendi (04.14.47) izan ziren.

Horiez gain, Trinkoko Adrian Garcia urnietarrak (02.55.48) eta Lasarte-Oria Trail taldeko Asier Mendizabal-ek  (03.14.22) ere amaitu zuten proba.

Gehiago izan ziren proba motza (10 kilometro) egitera animatu zirenak, 12 korrikalari. Horietan azkarrena, Jon Presa izan zen 33 minutu eta bederatzi segundo behar izan zituen ibilbidea egiteko.

Gainerako herritarrak eta euren denborak hauen izan ziren: Aimar Sukunza, 35.57; Julen Ormazabal, 36:13; Borja Granado, 39:29; Pablo Alonso, 41:55; Jorge Villaverde, 42:47; Oskar Martinez, 42:50; Idoya Rekondo, 49:18; Igor Lopez, 49:18; Alex Ramos, 50:24; Juan Andres Vega, 51:55 eta Naia Hernantes, 58:09.

Donostiako probez gain, Lasarte-Oria Trail taldeko bi kide Artxandako Urban Trail lehiaketako 12 kilometroko proban parte hartu zuten. Bilboko Artxanda auzoan zehar egiten den proba horretan Aitor Moreno-k (01.22.30) eta Ainara Blanco-k (01.22.31) kluben sailkapeneko laugarren postua eskuratu zuten.

Federatuak, pozik

Era berean, Ostadar Atletismo saileko atletak markak ontzeko baliagarri diren proba libreetan lehiatzen hasi dira. Azaroaren 13an egin zuten lehena Eibarren.

Taldeko zazpi kirolari izan ziren topaketan eta horietako bostek lehen aldiz federatu modura parte hartu zuela jakitera eman dute saileko arduradunek. Horiek Aitor Surutusa, Oinatz Almagro, June Garcia, Nora Manzanal eta Aiala Ramos dira luzera jauziko proban egin zuten debuta kadete mailan.

Gainerako biak Oihana Igarriz eta Peru Goikoetxea izan ziren eta xabalina-jaurtiketa proban izan ziren lehian.

Markei dagokionez, Igarrizek lortutako 28,22 metroko jaurtiketa nabarmendu dute taldeko arduradunek. 

Aurtengo denboraldia ilusioz hasi dute Ostadar Atletismo taldeko kideek. 30 federatu dituzte eta lan ederra egitea espero dute. Abenduaren 12an, Donostiako Antonio Elorza Belodromoan izango dute pista estaliko lehen hitzordua.