Urteko kanpainarik "politena" aurkeztu du Aterpea elkarteak: Eguberrietakoa

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 2a, 09:54

Gabonak ate joka daude, eta urteko sasoi berezi horretarako zozketa eta txapelketa berezi bana prestatu ditu Aterpea merkatari, ostalari eta zerbitzu enpresen elkarteak. Lasarte-Oriako Udala, Rural Kutxa, Biyak Bat egoitza eta Amaia Gonzalez Caballero dantzariaren laguntza izan du. Eguberrietako kanpaina "urteko politena" dela azpimarratu dute Aterpeako kideek.

Egitasmo horren barruan bi ekimen aurrera eramango dituzte. Batetik, Gabonetako produktuz osatutako otarren zozketak. Hilaren 31n izango dute bezeroek parte hartzeko azken aukera. Kanpainarekin bat egin duten 46 establezimenduetan kontsumitu beharko dute, eta saria irabazi ahal izateko zozketarako txartel bat jasoko dute trukean. Ia 50 komertzio horietako bakoitzak sorta bat banatuko du.

Bestetik, erakusleiho dotoreena aukeratzeko txapelketa egingo dute, hilaren 13tik 18ra. Aterpeak zehaztu duenez, hogei denda animatu dira parte hartzera. Bi sari emango dituzte: profesionala da horietako bat, Rural Kutxak babestua eta epaimahai batek erabakiko duena; eta popularra bestea, Lasarte-Oriako Udalak babestua eta herritarrek erabakiko dutena. 

Azken sari horren bozka emateko modua "erabat" aldatu du merkatarien elkarteak: Internet eta sare sozialen bidez egingo dute oso-osorik. Lasarteoriatarrek gustukoen duten erakusleihoari argazki bat atera, eta Facebook edo Instagramera igo beharko dute. "Profilak irekia izan behar du; bestela, Aterpeak ez du irudia jasoko". Zozketa irabazten duen parte hartzaileak 200 euro jasoko ditu erosketa txarteletan.