Lehen jokaldietan dagoeneko ikusi zen bi taldeen arteko lehia handia izango zela. Ostadarrek, ordea, tartea ireki zuen eta 25-17 gailendu zen lehen setean.
Bigarren eta hirugarren setean, berriz, larriago ibili zen etxeko taldea. Aurkariak ederki borrokatu zituen tantoak eta urdin-beltzek asko izerditu behar izan zuten garaipena lortzeko. 26-24 eta 25-23 irabazi zuten, hurrenez hurren.
Kadete taldea aurten sortu da. Azaroaren 27koa txapelketa horretan jokatzen duen bosgarren partida da; orain arte ez zuen garaipenik erdietsi.
Gainerako taldeei dagokionez, jubenilek hitzordu bikoitza izan zuten, azaroaren 27an. Zegokien jardunaldiko partida izan zuen goizean Hernani KEren aurka; arratsaldean, berriz, urriaren 23ko asteburuan jokatzeko zen norgehiagoka: Fortuna-Ostadar. Bietan aurkaria izan zen garaile –3-0 eta 3-1, hurrenez hurren–.
Ligetako hurrengo jardunaldia abenduaren 11ko asteburuan izango denez, boleibola saileko taldeek indarrak berreskuratu eta hurrengo neurketak prestatzeko tartea izango dute bi aste hauetan.