Abian da kontsumo bonuen aurtengo kanpaina

Txintxarri Aldizkaria 2021ko abe. 1a, 11:40

Kontsumo kanpaina abiatu du, bigarrengoz, Lasarte-Oriako Udalak. Abenduaren 1etik 27ra arteko denbora tartea izango dute herritarrek bonuak erosteko aukera eta urtarrilaren 31a izango da erabiltzeko azken eguna. Atari digital baten bidez eskuratu beharko dira aurtengo bonuak

Herriko merkatari, zerbitzu pertsonal eta ostalariei pandemiak eragindako kaltea arindu eta laguntzeko asmoz, kontsumo bonuen kanpaina abiatu zuen iragan urtean udalak. Aurten, bigarrengoz martxan jartzeko erabaki hartu du. Astearte eguerdian egin dute egitasmoaren aurkezpena Agustin Valdivia alkateak eta Nuria Fernandez Soziekonomia batzordeburuak.

Iazko egitamoarekin alderatuz, ezberdintasuna izango da aurtengoan euskarri digital baten bidez eskuratuko direla bonuak. www.lasarteoriabonoak.eus ataria prestatu dute horretarako, eta eskuragarri dago dagoeneko. Bertara sartu eta lehenengo pausua bezeroaren erregistroa egitea izango da (horretarako beharrezkoa izango da gutxienez hamasei urte izatea eta Lasarte-Orian erroldatua egotea). Behin hori amaituta, kanpainarekin bat egin duten establezimentuen zerrenda agertuko zaio erosleari. Horrela, bonua erabili nahi duen establezimentua aukeratu beharko du, eta ordainketa egin ostean, bonua sortuko zaio. Hori erabiltzeko bi aukera izango dituzte; inprimatuta edo mugikorraren bitartez erakutsita. Hala, bonuen eskaera modu digitalean egiteko aukerarik ez duten herritarrek, Mirentxura joateko aukera izango dute; bertako langileek lagunduko diete bonuak erosten. 10 euroko balioa izango dute, baina 5 euroren truke erosi ahalko dituzte herritarrek. Alde hori (kanpainaren kostuaren erdia), udalak hartuko du bere gain. Horretarako 200.000 euro bideratuko dituzte kanpainara eta beste erdia, herritarrek erositako bonuen diruarekin osatuko da. Hortaz, orotara 400.000 euroko "diru-mugimendua" sortuko da herriko merkataritza, zerbitzu eta ostalaritzan. Bezero bakoitzak gehienez hamabi bonu erosi ahal izango ditu, baina, erosketa bakoitzean, ezingo dira sei baino gehiago erabili. 

Gabonetako kanpainarekin bat

Abenduaren 1etik 27ra edukiko dute kanpainan parte hartu nahi duten herritarrek bonoak erosteko aukera, eta urtarrilaren 31a izango da horiek erabiltzeko azken eguna. Aurtengo ekimenak, Gabonetako kanpainarekin bat egin du, ez da kasualitatea izan, ordea. Udaleko ordezkariek jakinarazi dute herriko hainbat merkatarirekin hitz egin ostean erabaki dutela data horietan egitea. Arrazoi nagusia hau da; lasarteoriatarrak Eguberrietako erosketan herrian egitea. Guztira, 79 establezimendu (42 merkatari, 14 ostalari eta 23 zerbitzu) batu dira kanpainara. 

Kanpaina horren bidez, herriko ekonomia suspertzeaz gain, herritarrak Lasarte-Orian erostera bultzatu nahi ditu udalak, Lasarte-Oria biziaz gozatu ahal izateko.