Haritz Urkiak pairatutako osasun arazo bat dela eta, aurrelaria zein partidaren ordua eta kokalekua aldatu behar izan zuen Intza KEk azken orduan. Eguna goibela zen arren, Jon Pello Artetxe-k eta Mikel Elola-k Intzako kideen eguna alaitu zuten euren garaipenarekin, 22-7.
Nagusien bikoteak partida ona jokatu zuen. Artetxe aurrean fin ibili zen tantoak egiten eta Elola ere ziur jokatu zuen atzealdean.
Intzako kideen ustez, pilotaleku aldaketak eragin handia izan zuen azken emaitzan. Eta abenduaren 4an, LAPKEren aurkako final-erdian etxean jokatzeak ere alde egitea espero dute.
Hala ere, partida zaila iragarri dute. "Gure antzera, LAPKEko bikoteak ez dute partidarik galdu lehen fasean. Beraz, finalerako sailkapena borrokatu beharko dugu".
Ezin lehian jarraitu
Bestalde, 2. mailako jubenil eta kadete bikoteak lehiatik at geratu dira. Lehen faseko azken jardunaldian jokatu zuten, Michelin kirol guneko pilotalekuan.
Jubenilek partida zailari aurre egin behar izan zioten; sailkapeneko burua izan zuten aurrez aurre, Azkoitia. Eta aurreikusi modura, aurkaria nagusitasunez gailendu zen, 2-22.
Beñat Olazabal eta Xuban Urdalleta kadeteek, aldiz, partida gorabeheratsua jokatu zuten eta egoera ongi baliatu zuen EPLEk 10-22 irabazteko.
Banakako txapelketan, nahiz eta pilotariek partida onak jokatu, ez zen berri onik izan.
Jubenil mailan, Haritza Diaz de Gereñu-k 1-22 galdu zuen Murumendiko Leundaren aurka. "Zorte txarra izan du bere multzoan urtebete zaharragoak diren pilotariak suertatu zaizkio. Partidak borrokatzen ditu, piloteoa luzatzen du baina tanto gutxi irabazten ditu," aipatu du Intzako arduradun Jose Felix Solano-k.
Kadete mailan ere, Beñat Olazabalek partida borrokatua jokatu zuen. Tamalez, aurkaria 18-7 gailendu zen. "Tanto gehiago merezi zituen," nabarmendu du Solanok.