Kultur ekintza ugari, urtea amaitu aurretik

Txintxarri Aldizkaria 2021eko azaroaren 30a

Abenduko kultur agenda iragarri du Lasarte-Oriako Udalak. Askotariko egitasmoak izango dira abendua osoan, baina horietatik  Kirolaren Gala eta Gabonetako Haur Parkea nabarmendu ditu. Hala, antzerki obrak, zinema proiekzioak eta bestelako jarduerak ere izango dira urtea amaitu aurretik. 

Kultur jarduera ugaritan parte hartzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek urtea amaitu aurretik; abenduko kultur agendaren berri eman du. Gustu eta adin guztiei zuzendutako jarduerak programatu dituzte, denak ala denak, herritarren gozamenerako. 

Hauek dira iragarritako kultur jarduerak. 

Erakusketa

Akrilikoak I. Perales Virberri pintura erakusketa ikusteko aukera izango dute herritarrek. Mercero Gunean egongo da ikusgai abenduaren 10etik 19ra eta honako ordutegian: astelehenetik ostiralera, 17:00etatik 21:00etara, eta larunbat zein igandetan, 11:30etik 14:00etara.

Antzerkiak

Gorakada antzerki taldeak Zuhaitzak landatzen zituen gizona familia antzerkia oholtzaratuko du hilaren 11n. 17:00etan izango da, kultur etxean eta sarrerek 3,80 euro balio dute. ATX Teatroa taldeak, berriz,  Lubaki lainotsua eskainiko du. Helduentzako antzerkia da eta hilaren 18an izango da, 20:00etan, kultur etxean. Sarrerek prezio bera izango dute: 5,50 euro. 

Zinema proiekzioak

Haurrentzako hiru zinema proiekzio egingo dituzte abendua. Ron da error izango da lehena, hilaren 12an, 17:00etan, kultur etxean. Bigarren saioan Una familia feliz 2 ikusteko aukera izango da. Hilaren 19an izango da, kultur etxean. Trash izango da hirugarren eta azken proiekzioa. Abenduaren 26an izango da, 17:00etan. Saio horietarako sarrerek 3,80 euro balio dute. 

Helduentzako zinema saioek ere ez dute hutsik egingo. Hilaren 12an Un espíritu burlón botako dute. Abenduaren 19an Way Down eta, 26an, aldiz, Cuidado con lo que deseas. Saio horiek guztiak 19:30ean izango dira, eta sarrerak 5,50 euro balio dute. 

Okendo zinema taldeak ere hiru film ekarriko ditu pantaila handira. Hilaren 3an Martin Eden proiektatuko dute. 16an, berriz, La ruleta de la fortuna y la fantasía ikusteko aukera izango dute ikus-entzuleek, eta, hilabete amaieran, abenduaren 30ean, Pan de limón con semillas de amapola. Proiekzio horiek 20:30ean izango dira, kultur etxean eta sarrerak 5,50 euroren truke eskuratu daitezke. 

Dokumentala

Hilaren 10ean, Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldearen Ixabelen sukaldea dokumentala ikusteko aukera izango da. Kultur Etxeko auditorioan proiektatuko dute, eta sarrera doakoa izango da. 

Opera

Bertsio Digitaleko Opera zikloaren barruan, hilaren 15ean Vincenzzo Bellini-ren Norma emanaldia izango da. Sarrerak salgai daude dagoeneko eta 7,5 eta 9 euro arteko prezioa dute. 

Ipuin kontalaria

Ipuin kontaketa saioak ere izango dira abenduan. Bihar, hilaren 1ean, ordubeteko saioa eskainiko du Beatriz Egizabal ipuin kontalariak. Istorio desberdinak kontatuko dizkie etxeko txikiei. 7, 8 eta 9 urteko haurrei zuzendua dagoen jarduera da eta edukiera mugatua izango du. 

Musika

Musikarentzat ere izango da tarterik abenduan. Hilaren 18an Alboka Abesbatzak emanaldia eskainiko du San Pedro elizan, eta hurrengo egunean, hilaren 19an, Zero Sette-ko kideek Gabonetako doinuak izeneko kontzertua egingo dute. Hilaren 22an, berriz, Musika Eskolako Gabonetako kontzertuaren txanda izango da, kultur etxean, eta abenduaren 29an, Black pearls of gospel emanaldiaz gozatzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek, kultur etxean. Lehenengo bi saioak doakoak izango diren arren, gospel emanaldirako sarrerek 12 euro balio dute. 

Eguberrietako haurren parkea

Abenduaren 22tik urtarrilaren 5era, Michelingo kiroldegian.

Kirol Gala

Lasarte-Oriako udalak 2021eko kirol-merezimenduen sariak banatuko ditu, Lasarte-Oriako kirolari egin dioten ekarpenagatik. Ekitaldia abenduaren 17an izango da, 19:00etan, Kultur Etxeko auditorioan.