Beterri-Buruntza mankomunitatea "tresna eraginkorra" izango da eskualdeko EH Bilduko udal taldeen ustez

Txintxarri Aldizkaria 2021ko aza. 30a, 11:11
Eskualdeko EH Bilduko ordezkariak, Jon Martin herritarra tartean (goian, ezkerrean). Argazkia: Gipuzkoako EH Bildu.

Eskualdeko EH Bilduko udal taldeen aburuz, "garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloetan jarduteko tresna eraginkorra" izango da Beterri-Buruntza mankomunitatea. Estatutuak behin betiko onartuta, 2022ko urtarrilean eratuko da. "Beti izan dugu jomugan egitura iraunkor bat sortzea, eskualdeak dituen erronkei modu bateratu, indartsu eta proaktiboan erantzuteko". 

Buruntzaldeako EH Bilduko udal taldeetako ordezkariek azpimarratu dute "apustu garbia" egin dutela azken hamar urteetan "eskualdeko garapen sozial eta ekonomikoaren aldeko akordio eta ekimenak" bideratzeko. "Aurrerantzean, are eta ahalegin handiagoa egingo dugu Beterri-Buruntza mankomunitatean. Herri handi zein txiki, elkarren beharra dugu bakarka landu ezin ditugun esparruak elkarrekin jorratzeko".

Eskualdeko EH Bilduko sei udal taldeen ordezkariak agertu dira prentsaren aurrean: Andoni Alvarez (Andoain), Xabier Urdangarin (Astigarraga), Xabier Lertxundi (Hernani), Jon Martin (Lasarte-Oria), Ainara de Miguel (Urnieta) eta Agurtzane Solabarrieta (Usurbil). 

Lankidetza hitzarmenen "mugak"

Ordezkariek aditzera eman dutenez, Buruntzaldeako udalak "duela hamar urte inguru" hasi ziren elkarlanean garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan. "Hitzarmen emankorrak izan dira, eta garapen agentziarik gabeko Gipuzkoako eskualde bakarra garen arren, aitzindari izan gara zenbait alorretan, enplegu inklusiboarenean batez ere". Edonola ere, akordio horiek "mugak" dituztela azaldu dute, "landutako proiektuen kopurua, tamaina eta irismena handitu diren heinean". 

Gabezia horiei erantzuteko eratuko dute sei udalek Beterri-Buruntza mankomunitatea. "Egitura iraunkor eta indartsu bat behar dugu, eskualde gisa garapen sozialaren eta ekonomikoaren arloan jarduteko". "Eskualdean ia 75.000 pertsona bizi gara, formakuntza zentro garrantzitsuak ditugu, 6.000 enpresa inguru... Ekosistema sozial eta ekonomiko aberatsa dugu, ekimen handikoa, erronka handiak dituena; esaterako, enplegu inklusiboa eta trantsizio energetikoa".